2025eko Regional Innovation Scoreboard (RIS) delakoak Espainiako eta Europako batezbestekoa baino puntuazio handiagoa eman dio berriz ere Foru Komunitateari, eta, horrela, Nafarroak eskualde berritzaile indartsuaren kalifikazioari eutsi dio
Nafarroak Europako berrikuntzan erreferente gisa duen posizioa berretsi du, Regional Innovation Scoreboard (RIS) izenekoaren edizio berriaren arabera. Txosten hori Europako Batzordeak egin du, eta eskualdeen jardun berritzailea aztertzen du. Horren arabera, Foru Komunitateak “eskualde berritzaile indartsua”ren kategoriari eutsi dio, Espainiako eta Europako batezbestekoen gainetik baitago. Eta, horrela, bikaintasun berritzaileko gune (“pockets of excellence”) izendatutako Europako 11 eskualdeetako bat da orain.
Zehazki, Nafarroak 103,31 puntu lortu ditu, Espainiak (92,7) eta Europak (100) baino gehiago, beraz. Estatuan, laugarren postuan egoten jarraitzen du erkidego berritzaileenen artean, Kataluniaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Madrilgo Erkidegoaren atzetik eta duela gutxi talde horretan sartu den Valentziako Erkidegoaren aurretik. Gainera, Kataluniarekin batera, bere sailkapena hobetu duen eskualde bakarra da, txosten horren aurreko edizioarekin (2023) alderatuta.
Nafarroako berrikuntza indizea % 3,34 handitu da 2023tik, eta azken bi urteetako hazkunde positiboaren joera sendotu du. Ikuspegi zabalago batetik, % 11,21eko hobekuntza metatu du 2021az geroztik, urte horretan jarri baitzen abian lehen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (ZTBP), Zientzia eta Teknologiari buruzko Foru Legearen esparruan.
Aurten metodologia aldatu bada ere, aurrerapen horiek lortu dira eskualde berriak sartu direlako, zenbait adierazle berrikusi direlako eta ebaluazioak egokitu direlako. Horiek guztiek aurreko edizioetako zenbait balio aldatzea eragin dute. Hala ere, adierazi bezala, Nafarroa bikaintasun gunetzat jotzen diren Europako 11 eskualdeetako bat da. Eskualdeek aintzatespen hori jasotzen dute, beren herrialdeek baino berrikuntza jarduera handiagoa badute.