Nafarroako industria- eta enpresa-ehunaren, unibertsitateen eta zentro teknologikoen ordezkariek bilera egin dute gaur goizean Bertizko jaurerriko jauregian, ZIRKULAR erronka estrategikoari heltzeko.
Erronka hori Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak antolatu du, Energiako, Enpresen I+G+b-ko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez. 2021ean S4 Espezializazio Adimenduneko Estrategiari jasangarritasuna zeharkako lehentasun gisa gehitu zitzaionetik, departamentuak 3,5 milioi euro baino gehiago eman dizkie ZIRKULAR zigiluarekin identifikatutako lau proiekturi.
ZIRKULAR erronka izan zen ekitaldi estrategikoen zerrendari gehitu zitzaion azkena, eta horren bidez ahaleginak bateratu nahi dira. Eragile guztiak Nafarroa Zirkularraren esparruan biltzen ditu, Nafarroako enpresetan trantsizio ekologikoa sustatzeko.
SODENA enpresa publikoko Jasangarritasun eta Ekonomia Zirkularreko zuzendariorde Montse Guerrerok European Circular Innovation Valley ECIV proiektu europarraren garapenari begira lortutako aurrerapenak aurkeztu ditu. Proiektu horren eskualde liderra da Nafarroa. Proiektu horren helburua da ekosistema industriala mugiaraztea ekonomia zirkularrerako merkatuko irtenbideen bila. Proiektu horrek TRL 6-8 berrikuntza-heldutasuna duten berrikuntza-proiektuei zuzendutako bi laguntza-deialdi egitea aurreikusten du.