Nafarroak “LIFE NAdapta Topaketak” egin ditu, Foru Komunitatean klima-aldaketara egokitzeko garatu diren konponbideak herritarrei hurbiltzeko.
Esparru horretan, Iruñeko Sarasate pasealekuan parte hartzeko jardunaldien lehen zikloa eginen da gaurtik larunbatera bitartean, eta publiko guztiarentzako jarduerak antolatuko dira, hala nola hitzaldiak, erakusketak eta escape-room bat.
Topaketa horiek 2025ean zehar programatu dira, eta akabera emanen diote Foru Komunitateak 2017an abian jarri zuen LIFE-IP NAdapta-CC proiektu europarrari. Proiektu horren bidez, 8 urte hauetan, Nafarroa klima-aldaketara egokitzeko hainbat neurri aztertu eta ezarri dira, funtsezko sei eremutan egituratuta: hiri-plangintza, uraren kudeaketa, osasuna, basoak, nekazaritza eta abeltzaintza eta monitorizazioa.
Ekaineko jardunaldi horiek Nafarroako herritarrei zuzendutako hiru topaketetako ziklo baten parte dira. Bigarrena irailean izanen da Tuteran, eta azkena urrian, Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunarekin batera, LIFE-IP NAdapta-CC proiektua ofizialki ixteko ekitaldia markatuz. Hitzordu horietako bakoitzak kontzientzia sortzea, hartutako ezagutza zabaltzea eta klima egokitzeko konpromiso kolektiboa sustatzea du helburu.
Topaketak LIFE-IP NAdapta-CC proiektua gauzatzeko azken urtean eginen dira, eta helburu nagusietako bat funtsezko sektoreetan —besteak beste osasunean, hiri-plangintzan, basoetan, uraren kudeaketan, nekazaritzan eta abeltzaintzan, monitorizazioan eta tokiko ekintza klimatikoan— egindako jarduketak ezagutaraztea da.
Europako LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren helburua da modu integratuan ezartzea Nafarroan klima-aldaketara egokitzeko estrategia. 2017an hasi zen, eta 2025era arte egonen da martxan. 15,6 milioi euroko aurrekontua du guztira, eta haren % 60 Europar Batasunak finantzatu du LIFE programaren bidez.