Ekainaren 11n, Europako Batzordeak txosten bat argitaratu zuen Migrazioari eta Asiloari buruzko Itunaren aplikazioari buruz, trantsizio-aldiaren erdian. 2024ko ekainean onartu zenetik aurrerapen esanguratsuak lortu badira ere, lanean jarraitu behar da gauzatzeke dauden erronkei aurre egiteko eta migrazioa kudeatzeko EBko sistema berria 2026ko ekainerako erabat operatibo egonen dela bermatzeko.
Itunean ezarri bezala, Aplikazio Plan Komunaren funtsezko elementu bakoitzean orain arte lortutako aurrerapenak ebaluatzen ari da Batzordea:
- Eurodac: Aurrerapen esanguratsuak lortu dira Eurodac datu-base berrituaren ezarpenean. Estatu kide batzuek oraindik zailtasunak dituztenez sistema berria ezartzeko, Europako Batzordeak eta Tamaina Handiko Informatika Sistemen Kudeaketa Operatiborako EBko Agentziak (eu-LISA) laguntza ematen jarraituko dute.
- Kanpoko mugak: Mugen kontrolerako prozedura berriak ezartzeko prestaketak martxan daude. Estatu kide batzuek dagoeneko lortu dituzte harrera-gaitasuna eta beharrezko giza baliabideak. Oraindik ere kontrolerako lekuak eta mugako prozedurak identifikatzeko erronkak daude.
- Harrera-baldintzak: Funtsezkoa da estatu kide guztietan harrera-gaitasun nahikoa eta harrera-baldintza egokiak bermatzea, bereziki EBko estatu kideen arteko bigarren mailako mugimenduak saihesteko. Harrera-arau berriak egokitzeko eta gaitasun nahikoa bermatzeko lanean ari gara.
- Asilo-prozedura bidezkoak, eraginkorrak eta bateratuak: Estatu kideak esparru juridiko berrira egokitzen ari dira EBren laguntzarekin. Lanean jarraitu behar da asilo-prozeduretan luze jotzea murrizteko, eta gaitasuna eta prestakuntza egokia handitu behar dira.
- Itzultzeko prozedurak: Estatu kideak asiloko eta itzultzeko prozeduren artean dauden hutsuneak zuzentzen ari dira, Itunak eskatzen duen bezala. Itzultzeko erregelamendu bat egiteko Batzordearen proposamenari buruzko negoziazioak aurrera egiten ari dira, eta lehenbailehen akitu beharko lirateke itzultzeko prozeduren eraginkortasunik eza konpontzeko.
- Erantzukizunak funtziona dezan lortzea: Itunak funtziona dezan, estatu kideek erantzukizunaren banaketa ekitatiboa ardatz izanda lan egin behar dute. Dublingo Hitzarmenaren arabera, asilo-eskaera egin duen estatu kidearentzako transferentziak estatu kide guztietatik eta estatu kide guztietarantz egin behar dira. Hori funtsezkoa da erantzukizun-arau berrietara modu eraginkorrean aldatzeko.
- Elkartasunak funtziona dezan lortzea: Lanean jarraitzen dugu 2025eko urrian elkartasunaren urteroko lehen zikloa prestatzeko eta 2026ko ekainerako elkartasun-mekanismo iraunkorra ezartzeko. Europako Batzordea, Europako Asilo Agentzia (AEUA) eta estatu kideak estu-estu ari dira lanean migrazio-egoera ebaluatzeko eta herrialde bakoitzaren elkartasun-ekarpenak zehazteko.
- Kontingentziak prestatu eta planifikatu behar dira asilo- eta harrera-sistemek edozein egoeratan behar bezala funtzionatzen dutela bermatzeko. Estatu kideek bermatu behar dute kontingentzia-planak egokiak eta koherenteak direla beste kontingentzia-plan batzuekiko, hala nola mugen eta itzuleren planekiko.
- Babes berriak eta oinarrizko eskubideak gainbegiratzea: Itunak EBn babesa bilatzen duten pertsonen betebeharren eta eskubideen artean oreka ezartzen du. Plan nazionalek, oro har, oreka orokor hori islatzen dute eta elementu berriak txertatzen dituzte. Lanean jarraitu behar da oinarrizko eskubideak gainbegiratzeko mekanismo independentea eta doako aholkularitza martxan jartzeko.
- Integrazioa eta legezko bideak: EB osoan, integrazio-ahaleginek gero eta eragin positiboagoak dituzte, eta etengabeko ahaleginak egin behar dira hezkuntzaren, enpleguaren, osasunaren eta etxebizitzaren arloetan.
Batzordeak estatu kideei laguntza ematen jarraituko du, orientazio praktikoa, tresna berriak eta finantzaketa espezifikoa barne. Maiatzean, beste 3.000 milioi euro jarri ziren EBren aurrekontuaren kontura, Ituna aplikatzen laguntzeko eta Ukrainatik etorritako pertsona desplazatuak hartzen dituzten estatu kideei laguntzeko.
Ahaleginak egiten jarraitzeko eskatu die Batzordeak estatu kideei, Ituna behar bezala aplikatzen dela ziurtatzeko. Hurrengo aplikazio-txostena 2025eko urrian argitaratuko da.
Txostenarekin batera, Batzordearen zerbitzuen lan-dokumentu bat aurkeztu da, 2021-2027 aldirako Integraziorako eta Inklusiorako Ekintza Planaren aplikazioaren tarteko berrikuspena eskaini duena. Berrikuspenak lortutako aurrerapenak aitortzen ditu, eta estatu kideek Ekintza Planaren lau esparru nagusietan (hezkuntza, laneratzea, osasun-arreta eta etxebizitza) dituzten erronka iraunkorrak onartzen ditu. Halaber, migratzaileak Europako gizarteetan integratzeko arreta handiagoa eskatzen duten jardunbide egokiak eta esparruak deskribatzen ditu.