Europako Batzordeak Desgaitasunaren Europako Foroarekin lankidetzan antolatutako 2026ko Hiri Irisgarria sarirako hautagaitzak aurkezteko epea ireki du, irailaren 9ra arte.

Sari horrek desgaitasuna duten pertsonentzat irisgarriagoak izateko lan nabarmena egiten duten Europako hiriak aintzatesten ditu.

2026ko Hiri Irisgarria sariaren hautagai izan daitezke 50.000 biztanletik gorako Europako hiri guztiak, bai eta 50.000 biztanletik gorako bi udalerri edo gehiagok osatutako hiri-eremuak ere, 50.000 biztanletik gorako bi hiri baino gutxiagoko estatu kidea izanez gero.

Herrialde bakoitzeko epaimahai nazionalek gehienez bi hiri aukeratuko dituzte, eta, horien artean, Europako epaimahaiak irabazleak aukeratuko ditu.

2026ko Hiri Irisgarria sariaren lehen, bigarren eta hirugarren postuen irabazleek 150.000 euro, 120.000 euro eta 80.000 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. Egindako lana aitortzeaz gain, irisgarritasunaren arloan hobekuntzak egiten lagunduko dute.

Horrez gain, desgaitasuna duten pertsonen eta adinekoen etxebizitza-irisgarritasunari begira aukera-berdintasunean egindako lanagatik eta herritarrentzako bizi-baldintza eskuragarriak eta kalitatezkoak lortzeagatik nabarmentzen den hiriari aipamen berezia eginen zaio.

Beste aipamen berezi batzuk ere eman dakizkieke hiri hautagaiei, baldin eta arlo jakin batean —hala nola informazioa eta komunikazioa, IKTak barne; mugikortasuna, garraioa eta lotutako azpiegitura; instalazio eta zerbitzu publikoak; ingurune eraikia eta espazio publikoa— aparteko lana egiten dutela frogatzen badute.

Hiri irabazleak sari-banaketako ekitaldi batean izendatuko dira, Desgaitasuna duten Pertsonen Europako Egunaren batzarrean, Bruselan, 2025eko abenduaren 4an eta 5ean.

Informazio gehiago