Kontseiluak EB mailako baso-jarraipeneko esparru berri bat onartu du, basoei zuzenean edo zeharka eragiten dieten EBren helburuak, politikak eta tresnak lortzen aurrera egitea ahalbidetuko duena.

Esparruaren helburua Europa osoko basoen kudeaketa jasangarria eta erresilientzia hobetzea da. Baso-ezagutzen oinarri integral bat sortzeari esker, kalitate handiagoko datuak eta informaziorako sarbide errazagoa lortuko dira, eta, horrela, kudeaketa jasangarria eta basoen funtzio anitzak sustatuko dira.

Batzordearen proposamena EBren 2030erako baso-estrategiatik eratorritako legegintza-ekimen nagusia da. Batzordeak, EBko estatu kideekin lankidetzan, kalitate handiko jarraipen-sistema bat ezarri eta kudeatuko luke, baso-datuen harmonizazioa bermatzeko, estatu kideetan dauden neurketa-sistemak oinarri hartuta. Proposamenak baso-datuak trukatzeko esparru bat ere jasotzen du, estatu kideen artean eta EB mailan datuak trukatzeko aukera ematen duena.

Basoak funtsezko aliatua dira klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren aurkako borrokan, eta landa-eremuen dinamismorako eta bioekonomiarako ezinbestekoak dira. Basoen azalera etengabe hazten ari bada ere, basoek gero eta presio handiagoa jasaten dute hondamendi naturalen ondorioz, hala nola suteen, haizeak botatzearen eta intsektuen izurriteen ondorioz; gainera, hondamendi naturalak ziurrenik larriagotu eginen dira klima-aldaketaren ondorioz.

EBko basoen egoerari buruzko informazioa zatikatuta dago, eta egun eskuragarri dauden datuek hutsuneak eta gainjartzeak dituzte. Informazio hobea izateak eta informazio hori errazago eskuratzeak baso-gobernantza hobetuko luke, bai eta estatu kideek, basozainek eta baso-kudeatzaileek erabaki informatuak hartzeko eta EBko basoen erresilientzian laguntzeko duten gaitasuna ere.

Informazio gehiago