Batzordea deskarbonizazio- eta eskuragarritasun-bidean jartzen ari da Europako eraikuntzaren sektorea. Horretarako, estatu kideentzako jarraibide berriak ezarri ditu gaur, eraikinen energia-errendimendua sustatzeko.

Gaur aurkeztu den neurri-sortak estatu kideei eraikinen energia-efizientziari buruzko zuzentarau berrikusia ezartzen laguntzea du helburu. Zuzentarau hori funtsezkoa da energia-fakturak murrizteko eta energia berriztagarrien hedapena bizkortzeko, horrela energia-independentzia indartzeko. Zero emisioko eraikinei, eguzki-energiaren hedapenari eta energia-efizientziaren ziurtagiriei buruzko xedapenak ezartzeko moduari buruzko orientabide praktikoak eskaintzen ditu, besteak beste. Pakete horrek eraikinetan inbertitzeko ingurune egonkor bat sortzen lagunduko du, eta horrek Europako eraikuntzaren eta teknologia garbien sektoreen lehiakortasuna bultzatuko du. Informazio gehiago linean.

Dan Jørgensen Energia eta Etxebizitzako komisarioak honako hau baieztatu zuen: «Zenbat eta efizienteagoak izan gure eraikinak, orduan eta txikiagoak izanen dira gure faktura energetikoak eta gure bizitza merkeagoa izanen da. Eraikuntzaren sektorean, argi dago jasangarritasunak eta eskuragarritasunak eskutik joan behar dutela. Europar guztiek etxe segurua eta osasungarria izatea bermatu nahi badugu, eraikinak energetikoki efizienteagoak izan daitezen eta energia garbiagoarekin funtziona dezaten lortu behar dugu lehenik eta behin».

Gaur, halaber, Europako Batzordeak Etxebizitzaren Aholku Kontseilua sortu du. Adituen talde horrek gomendio politiko zehatzak eta independenteak emanen ditu, Batzordeak datorren urtean ezarriko baitu Etxebizitza Eskuragarrien Europako lehen Plana. Kontseiluak EBren lana babestuko du, europar guztiek etxebizitza merke eta jasangarriagoak izan ditzaten. Kontseiluaren osaera Batzordearen etxebizitzari buruzko webgunean argitaratuko da, gaur 15:00etan (CEST) eginen duten lehen bileraren ondoren. Bilera Jørgensen komisarioak inauguratuko du.

Informazio gehiago