Nafarroako Gobernuak eta Zabala Innovationek antolatu zuten ekitaldia, eta ingurumen-proiektuetarako finantzaketan interesa zuten 70 lagun baino gehiago bildu zituzten

Joan den ekainaren 10ean, Nafarroako Gobernuak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiko Europako Proiektuen Bulegoaren bitartez, eta Zabala Innovationek Infoday LIFE antolatu zuten, Europar Batasuneko LIFE programaren 2025eko deialdiari buruzko informazio-jardunaldia, eta arrakasta izan zuten.

70 parte-hartzaile baino gehiago bildu ziren ingurumen- eta klima-proiektuetarako funtsezko tresna horrek eskaintzen dituen finantzaketa-aukerak zuzenean ezagutzeko. “Europak finantzatzen du” zikloaren barruan egin zen topaketa, eta helburua bete zuen: baliabide horiek tokiko ekosistemara hurbiltzea.

LIFE programak 600 milioi euroko aurrekontua du 2025erako, eta Europar Batasunaren tresna nagusia da ingurumenarekin, biodibertsitatearekin, klima-ekintzarekin eta trantsizio energetikoarekin zerikusia duten proiektuak finantzatzeko. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko (MITECO) José Manuel Blancok azpimarratu zuen ideiak ekintza zehatz bihurtzeko diseinatutako programa bat dela LIFE, eta ingurumen-erronkei aurre egiteko irtenbide eraginkorrak bultzatzen dituela.

Jardunaldian, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuko (EDAI) Virginia Vivancok nabarmendu zuen Espainia Europako aitzindaria dela LIFE CET (Energia Garbirako Trantsizioa) azpiprograman; izan ere, 2024an Espainiako 75 erakundek parte hartu zuten. Hala ere, ohartarazi zuen urte hartan aurkeztutako 34 proposamen ez zituztela ebaluatu, hautatu ahal izateko irizpideak betetzen ez zituztelako; beraz hautagaitzak kontu handiz prestatu behar dira, arrakasta izateko aukerak areagotzeko.

Zabala Innovationen LIFE programan aditua den Maite Zazpek adierazi zuenez, “lasterketa honetan ez da nahikoa helmugara heltzea, ezinbestekoa da lehenetakoa izatea”. Izan ere, urtetik urtera lehia handitu egiten da eta proposamenek, Europako helburuekin bat etortzeaz gain, gero eta sendoagoak izan behar dute.

Informazio gehiago