Europako Batzordeak Erresilientzia Hidrikoaren Europako Estrategia onartu du. Estrategia horren helburua da uraren zikloa lehengoratzea eta babestea, guztiendako ur garbia eta eskuragarria bermatzea eta Europan uraren ekonomia jasangarria, erresilientea, adimenduna eta lehiakorra sortzea.

Estrategia global horrek ura modu eraginkorragoan kudeatzen lagunduko die estatu kideei, EBn uraren arloan indarrean dagoen legedia aplikatuz eta 30 ekintza baino gehiago martxan jarriz. Estatu kideak, eskualdeak eta udalerriak, baina baita herritarrak eta enpresak ere, dira erresilientzia hidrikoaren funtsezko eragileak.

Ura funtsezkoa da gure existentziarako, baina gaur egun ez da ziurtzat jo dezakegun zerbait. Europan muturreko fenomeno meteorologikoak gertatu dira, hala nola uholde katastrofikoak, lehorte luzeak eta baso-suteak. Klima-aldaketaren ondorioak areagotzearekin batera, egoera horrek okerrera baino ez du eginen. Herrialde edo eskualde bakar bat ere ez da libratzen. Herritarrei, nekazariei, ingurumenari eta enpresei neurri berean eragiten dien arazoa da, osasunean eta energiaren, elikagaien eta edateko uraren horniduran ondorioak dituena, eta gero eta galera ekonomiko handiagoak eragiten dituena EB osoan. Enpresendako mundu mailako hamar arrisku nagusietatik bost urarekin lotuta daude.

Gaur egun, erresilientzia hidrikoak eta uraren kudeaketa jasangarriak funtsezko lekua izan behar dute gure agendan. Batetik, agertoki klimatikoekin bat, Europar Batasunaren segurtasuna hobetzeko, eta, bestetik, gure enpresak lehiakorragoak eta berritzaileagoak izan daitezen eta Europa inbertsioetarako leku erakargarriagoa izan dadin. Aurrez aurre dugun erronka aukera bat ere bada Europako enpresa eta ikertzaileendako, ongi kokatuta baitaude bidea irekitzeko, mundu osoko ur-teknologien patenteen % 40 Europakoak baitira.

Ursula von der Leyen Europako presidenteak berak nabarmendu du erronkaren garrantzia: «Ura bizitza da. Erresilientzia hidrikoa funtsezkoa da gure herritar, nekazari, ingurumen eta enpresendako. Europako Batzordearen Erresilientzia Hidrikoaren Estrategiak uraren ekonomia jasangarria, erresilientea, adimenduna eta lehiakorra lortzeko bidea zehazten du. Orain jardun behar dugu, baliabide urri hori babesteko».

Informazio gehiago