Europako Batzordeak kontsulta espezifiko bat ireki du, Europar Batasuneko Adimen Artifizialaren (AA) Legean jasota dauden adimen artifizialeko arrisku handiko sistemei buruzko arauen ezarpenaren inguruko ekarpenak biltzeko. Iruzkinak 2025eko uztailaren 18ra arte bidaltzen ahalko dira.
AAren Legeak adimen artifizialeko arrisku handiko bi sistema identifikatu ditu. Alde batetik, Europar Batasunaren araudi harmonizatuaren arabera produktuen segurtasunerako funtsezkoak direnak. Eta beste alde batetik, legeak berariaz zehaztutako esparru jakin batzuetan pertsonen osasunean, segurtasunean edo oinarrizko eskubideetan eragin nabarmena izan dezaketen sistemak.
Kontsulta espezifiko ireki horren helburua da adibideak eta zalantza praktikoak biltzea, araudi horri lotutako gaiak argitzeko oinarri izan daitezen, araudi horrek eragina baitu nola enpresetan hala sektoreko organismo publikoetan eta erabiltzaileengan.
Kontsultan lortzen den informazioa kontuan hartuko da adimen artifizialeko arrisku handiko sistemen gainean Europako Batzordeak emanen dituen hurrengo jarraibideetan, bai eta dagozkien eskakizun eta betebeharretan ere. Adimen artifizialaren balio-kate osoaren erantzukizunei buruzko ekarpenak ere jasoko dira.
Ekimen honen asmoa alderdi interesdun askok parte hartzea da. Horien artean, adimen artifizialeko arrisku handiko sistemen hornitzaile eta garatzaileak, enpresak, konponbide horiek erabiltzen dituzten erakunde publikoak eta erakunde akademikoen, ikerketa-zentroen, gobernuen, ikuskaritza-agintaritzen eta, oro har, herritarren ordezkariak.