Europako Batzordeak tresna berriak argitaratu ditu, Europar Batasuneko herrialdeei lagundu eta Eraikinak Berritzeko Plan Estatalen lanketa sinplifikatzeko. Zehazki, Eraikinak Berritzeko Plan Estatalak egiteko eredu bat eta plan horiekin lotutako datuak biltzeko kalkulu-orri bat jarri ditu Europar Batasunak estatuen eskura. Eraikinen energia efizientziari buruzko Zuzentarau berrikusiaren (EPDB) 3. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko herrialdeek 2025a amaitu baino lehen egin eta aurkeztu behar dituzte Eraikinak Berritzeko Plan Estatalen lehen zirriborroak.
Argitaratutako eredua eta datuak biltzeko kalkulu-orria Europar Batasuneko herrialdeekin lankidetza estuan landu dira, eta plangintza-prozesua sinplifikatzeko diseinatuta daude, bai eta EPBD zuzentarauaren II. eranskinean deskribatutako Eraikinak Berritzeko Plan Estatalen nahitaezko elementu guztiak lantzen direla bermatzeko ere. Tresnak erabiltzea borondatezkoa den arren, Europar Batasuneko herrialdeei gida praktiko bat eskaintzen diete Eraikinak Berritzeko Plan Estatalen prestaketa arintzeko.
Energiaren eta Klimaren Plan Estatalak funtsezko zutabea dira iaz berrikusitako EPDB zuzentaraua ezartzeko. Azken batean, Europar Batasuneko herrialde bakoitzerako ibilbide-orri estrategiko gisa balio dute planek. Izan ere, herrialdeek higiezinen parkea deskarbonizatzeko eta Energiaren eta Klimaren Plan Estatalek ezarritako helburu klimatikoak eta energetikoak betetzeko zer egin asmo duten deskribatzen dute. EPDB zuzentarauaren inplementazio eraginkorrak energia kostuak murrizten eta independentzia eta erresilientzia energetikoak indartzen ere lagunduko du. Bestalde, Europar Batasuneko gas naturalaren kontsumo osoaren % 52 zuzenean edo zeharka eraikinekin lotuta dagoenez, Energiaren eta Klimaren Plan Estatalek ekarpen handia egin diezaiokete Errusiako energia-inportazioekin amaitzeko helburuari.