Europar Batzordeak egindako Plan Nazional Energetiko eta Klimatikoen ebaluazioaren arabera, Europar Batasuneko herrialdeek nabarmen murriztu dute 2030erako helburu klimatikoak eta energetikoak betetzeko geratzen zaien tartea. Europar Batasuneko herrialdeek nabarmen hobetu dituzte euren plan nazionalak 2023ko abenduan Batzordeak egindako gomendioak jarraituz. Horri esker, Europar Batasuna berotegi efektuko gasen isuriak kolektiboki % 55 jaisteko helburura hurbiltzen ari da, Europako Klimaren Legean hartutako konpromisoa betez. Era berean, energia berriztagarrien erabilera gutxienez % 42,5ekoa izateko helburua gero eta gertuago dago.

Batzordeak egindako ebaluazioak erakusten duenez, Europar Batasuna berotegi efektuko gasen isuri garbiak 2030erako % 54 inguru murrizteko bidean da uneotan –1990eko datuekin alderatuta–. Horretarako, hori bai, estatu kideek dagoeneko indarrean dauden eta aurreikusita dituzten neurri nazionalak osoki aplikatu beharko dituzte, baita Europar Batasunaren politikak ere. Egungo testuinguru geopolitiko zaila gorabehera, datuek erakusten dute Europar Batasuna hartutako konpromiso klimatikoak mantentzen ari dela, bai erabakitasunez inbertsioak eginez energia garbietara trantsizioa egiteko, bai Europar Batasunaren industria-lehiakortasuna eta dimentsio soziala lehenetsiz.

Industria Garbirako Ituna eta Energia Eskuragarrirako Ekintza Plana bezalako ekimen estrategikoak, gainera, Plan Nazional Energetiko eta Klimatikoen osagarri izanen dira industriaren deskarbonizazioa eta teknologia garbien erabilera bultzatzeko inbertsioak sustatzeko orduan. Helburua Europak energia berriztagarriak eta energetikoki efizienteak diren irtenbideak bultzatzeko duen potentziala ahalik eta gehien baliatzea da, bai eta energiaren prezioak baxuagoak eta egonkorragoak izaten laguntzea.

Estatu kideak determinazio politiko argia erakusten ari dira inportatutako erregai fosilen gaineko mendekotasuna murrizteko, hornikuntzaren eta azpiegitura energetikoen erresilientzia eta segurtasuna hobetzeko, energiaren barne-merkatuaren integrazioa azkartzeko eta behar handiena dutenak inbertsioekin eta gaitasunen garapenarekin laguntzeko.

Batzordearen ebaluazioak oinarri sendoa eskaintzen du Europar Batasunak eman beharreko hurrengo urratsen eztabaidei begira, adibidez, 2040rako deskarbonizazioa lortzea eta 2050erako neutraltasun klimatikoa. Helburu horrekin, Batzordeak estatu kideekin egin beharreko lana indartuko du uneotako arrakalak ixteko eta ebaluazioren ondorioz ezarritako jarraibide gehigarriak inplementatzeko. 

Informazio gehiago