«Europak finantzatzen du» zikloaren barruan egindako topaketan Horizon Europe programaren arduradunek ere hartu dute parte

Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuak Europako Proiektuen Bulegoaren bitartez antolatutako zortzigarren topaketan 150 kudeatzaile inguruk parte hartu dute. Topaketan Horizon Europe programaren arduradunek ere parte hartu dute, Nafarroako Gobernuak berriki onartutako II. Kanpo Ekintzako Planarekin (2025-2028) bat.

«Europak finantzatzen du» zikloa martxan jarri duen topaketa Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak ireki du. Zikloak industria, elikadura, nekazaritza eta ingurumena bezalako arloetan I+G+B egitasmoetarako dauden finantzazio aukerak ezagutaraziko ditu, baita Horizon Europe programaren misioak eta lankidetzak ere. Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren lan lerroetako bat Nafarroak europar proiektuetan parte hartzea sustatzea da, eta, helburu horrekin, Foru Administrazioari, enpresei, SINAIko eragileei eta Nafarroako gizarteari laguntza emateaz arduratzen da Europako proiektuetan eta Europako sareetan aktiboki parte har dezaten.

«Topaketaren helburua Europa Nafarroara hurbiltzea da, bai eta informazioa eta prestakuntza eskaintzea ere nafar eragileek lehen eskuko informazio osatua izan dezazuen aurkezten dituzuen proposamenak hobetzeko eta arrakasta izateko aukerak areagotzeko. Azken batean, zuen arrakasta guztion arrakasta izanen da, gure lurraldera onura ekonomikoa ekarriko baitu», nabarmendu du Ollo kontseilariak irekiera ekitaldian hitza hartu duenean.

Topaketa Nafarroako Gobernuak martxan jarritako II. Kanpo Ekintzako Planean (2025-2028) jasotako neurrietako bat da. Neurrion helburua Europako programa eta proiektuetan nafar eragileen parte hartzea areagotzea da, eta, horretarako, zenbait misio enpresarial eta teknologiko eraman dira aurrera. Horren adibide dira iragan apirilean Bruselan CEIN eta ADITECH eragileen eskutik egindako ekimena; Nafarroako Gobernuaren Bruselako Ordezkaritzak europar politiken inguruan antolatutako prestakuntzako mintegiak; eta UPNArekin egindako hitzarmena Europako Proiektuen Sustapeneko eta Kudeaketako prestakuntza jarraituko ikastaroa martxan jartzeko –2025ean zortzigarren edizioa beteko du ikastaroak eta dagoeneko irekita dago irailaren 4an abiatuko den aurtengo edizioan parte hartzeko izena emateko epea–.

«I. Kanpo Ekintzako Planaren (2021-2024) balantzea egitean, oso datu interesgarriak lortu genituen. Adibidez, egiaztatu dugu Europako Proiektuen Bulegoa sortu genuenetik Administrazioan hedatzen joan dela proiektu europarretan parte hartzearen kultura. Horren erakusle, 2021ean departamentu guztien artean 19 proiektu aurkeztu baziren, 2024an 45 aurkeztu ziren, kopurua bikoiztuz», nabarmendu du Sergio Pérez Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak hitza hartzean.

Europako Proiektuen Bulegoaren zuzendari Silvia Ojerrek, berriz, antolatutakoa bezalako topaketek duten garrantzitsua nabarmendu nahi izan du: «Horrelako topaketak oso positiboak dira, administrazioaren barruko unitate ezberdinek elkarren artean harremana izatea ahalbidetzen baitute. Ez hori bakarrik, Europan aktiboak diren bestelako agenteekin harremanak izateko baliagarriak dira, adibidez enpresak, elkarteak, ikerketa zentroak edo zentro teknologikoak».

«Europak finantzatzen du»

Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak, Europako Proiektuen Bulegoaren bitartez, zenbait ekitaldi eta jardunaldi informatibo antolatu ditu europar finantzazioa lortzeko aukera eskaintzen duten programa interesgarriei buruz. Horietan ezagutaraziko diren laguntza deialdiak irekita daude uneotan edo aurki irekiko dira, eta, zenbaiten kasuan, irailean itxiko dira.

Nafarroako Gobernuak bakarrik edo beste eragile batzuekin elkarlanean antolatu ditu jardunaldiak, adibidez, NAVARRABIOMED, NAVARRA HEALTH CLUSTER, ZABALA Innovation, ADITECH fundazioa eta IRIS Nafarroa berrikuntza digitaleko gunea. Horrez gain, Europako programen harremanetarako profesional adituek ere babesa eta lankidetza eskaini dute.

Hurrengo prestakuntza-saioa Iruñean izanen da, ekainaren 10ean, asteartearekin, Baluarteko Luneta aretoan zehazki, 10:00etatik 14:00etara. Hitzordua ZABALA Innovation aholkularitza enpresarekin elkarlanean antolatu da eta Europako LIFE programa izanen da aztergaia, hau da, esklusiboki ingurumenari eta klimaren aldeko ekintzari eskainitako Europar Batasunaren finantzazio tresna. Ekitaldian Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institututik (IDAE) eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministeriotik heldutako harremanetarako profesional adituek parte hartuko dute. Dagoeneko onartuta dauden Nafarroako zenbait proiekturen ordezkariek ere parte hartuko dute, adibidez NADAPTA, 5REFRACT, PLAN4CET eta PYRENEES4CLIMA.

Informazio gehiago lortzeko edota antolatutako ekitaldietan izena emateko, Europako Proiektuen Bulegoaren honako esteka honetara jo daiteke: https://www.navarraeneuropa.eu/actualidad/viii-encuentro-de-personas-gestoras-y-promotoras-de-proyectos-europeos

Informazio gehiago