Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak eta Nafarroako eragileek zenbait ekitaldi antolatu dituzte elkarrekin

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskararako Departamentuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak, Europako Proiektuen Bulegoaren bitartez, zenbait ekitaldi eta jardunaldi informatibo antolatu ditu europar finantzazioa lortzeko aukera eskaintzen duten programa interesgarriei buruz. Horietan ezagutaraziko diren laguntza deialdiak irekita daude uneotan edo aurki irekiko dira, eta, zenbaiten kasuan, irailean itxiko dira. Ekitaldi guztiok «Europak finantzatzen du» zikloaren barruan kokatuta daude, eta Zuzendaritza Nagusiak Europako Proiektuen Bulegoaren bidez antolatu ditu, batzuk bakarka eta beste batzuk eragileekin elkarlanean.

Lehen ekitaldia VIII. Europako Proiektuen Nafarroako Kudeatzaileen Topaketarekin batera eginen da, datorren ostegunean, maiatzak 29, NH Iruña Park hotelean (Arcadio Maria Larraona kalea 1, Iruñea), 11.00etatik 14:30etara. Ollo lehendakariordeak irekiko du topaketa. Bertan, Garapen Teknologiko eta Berrikuntzarako Zentroaren (CDTI) harremanetarako profesional adituek, industria, elikadura, nekazaritza eta ingurumena bezalako arloetan I+G+B egitasmoetarako dauden finantzazio aukerak ezagutaraziko dituzte, baita Horizon Europe programaren misioak eta lankidetzak ere.

Ekainaren 10ean, asteartea, Europako LIFE programa izanen da aztergaia, hau da, esklusiboki ingurumenari eta klimaren aldeko ekintzari eskainitako Europar Batasunaren finantzazio tresna. Jardunaldia Nafarroako ZABALA Innovation aholkularitza-enpresarekin lankidetzan antolatu da. Ekitaldia Baluarten eginen da 10:00etatik 14:00etara, eta Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institututik (IDAE) eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministeriotik heldutako harremanetarako profesional adituek parte hartuko dute. Dagoeneko onartuta dauden zenbait Nafarroako proiekturen ordezkariek ere parte hartuko dute, adibidez NADAPTA, PLAN4CET eta PYRENEES4CLIMA.

Ekainaren 12an, osteguna, Navarrabiomed zentroak eta Nafarroako osasun klusterrak (NHC-Navarra Health Cluster) antolatutako ekitaldiaren txanda izanen da. Europako Proiektuen Bulegoaren eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren laguntzarekin antolatutako ekitaldian, osasunarekin lotutako I+G+B egitasmoak, Minbizia misioa eta Innovative Health Initiative (IHI) programaren 11. deialdia landuko dira. Garapen Teknologiko eta Berrikuntzarako Zentroaren (CDTI) harremanetarako profesional adituek parte hartuko dute, bai eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioko (FECYT) kideek ere. Jardunaldia Navarrabiomed zentroko ekitaldi-aretoan eginen da, 10:00etatik 17:00etara.

Ekainaren 18an, asteazkena, ADITECH Fundazioak, Europako Proiektuen Bulegoarekin lankidetzan, Etorkizuneko Fabriken Ikerketarako Europako Elkartearen (EFFRA) «Made in Europe» programak eskaintzen dituen aukerak ezagutaraziko ditu. Industriak bultzatutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da EFFRA, ekoizpeneko teknologia berritzaileen garapena sustatzea helburu duena. Oraingo honetan, ekitaldia online eginen da, 10:00etatik aurrera.

Azkenik, ziklo honetako azken ekitaldia EUROPA DIGITAL programak eraldaketa digitala finantzatzeko eskaintzen dituen aukerak xehatzen saiatuko da; programaren helburua teknologia digitala enpresetara, herritarrengana eta administrazio publikoetara eramatea da. IRIS Nafarroa berrikuntza digitaleko gunean garatuko da ekitaldia, oraindik ere zehaztu gabeko data batean.

Nafarroa Europan indartu

Berriki onartutako Nafarroako Gobernuaren II. Kanpo Ekintzako Planaren (2025-2028) ardatzetako bat, hain zuzen ere, Nafarroako eragileek Europan parte-hartze handiagoa izatea lortzea da. Era berean, Europako proiektuen proposamenak hobetzea ere lortu nahi da, bai lehiakorragoak izan daitezen bai Urte Anitzeko Finantza Markoan irabazle izatea lortu dezaten.

Helburua betetzeko asmoz, prestakuntza ekitaldiak eta informazio jardunaldiak antolatzea baliagarria da Nafarroako eragileentzat, besteak beste, elkar hobeki ezagutzeko, lankidetzan aritzeko eta Europar Batasuneko lan programei buruzko lehen eskuko informazio eguneratua lortzeko.

Nafarroako Gobernuak bakarrik edo beste eragile batzuekin elkarlanean antolatu ditu jardunaldiak, adibidez, NAVARRABIOMED, NAVARRA HEALTH CLUSTER, ZABALA Innovation, ADITECH fundazioa eta IRIS Nafarroa berrikuntza digitaleko gunea. Horrez gain, Europako programen harremanetarako profesional adituek ere babesa eta lankidetza eskaini dute.

Interesa duten erakundeek, izena eman dezakete dagoeneko lehenengo ekitaldian. Ziklo honi buruzko informazio gehiago ere aurki dezakete aldian-aldian eguneratzen den Europako Proiektuen Bulegoaren webguneko esteka honetan.