Europako Batzordeak gaur aurkeztu du Merkatu Bakarrerako Estrategia, Europako barne merkatu erraz, arin eta sendoago bat sortzeko helburua duena. Estrategiak neurri ausartak ekarriko ditu, merkataritza eta Europar Batasun barruko inbertsioak eragozten dituzten uneko oztopoak murrizteko, ETEei jarduten eta beren jarduerak zabaltzen laguntzeko, eta digitalizazioa bultzatuz enpresen trantsizioa errazteko. Estrategian laguntza eskatzen zaie Europar Batasuneko estatuei, Europar Batasuneko merkatua enpresa, langile zein kontsumitzaileentzat ere aukera onena izan dadin lortzeko.

Hegakortasun ekonomiko handia eta tentsio komertzial ugari dituen gaur egungo munduan, Europar Batasuneko merkatua da gure lehiakortasunaren motor nagusia. Europar Batasuneko BPGa % 3-4 areagotu du gutxienez, eta 3,6 milioi enplegu sortu ditu eratu zenetik. Merkatu Bakarra are gehiago sendotzen bada, dagoeneko lortu diren aurrerapenak bikoiztuko dira.

Duela 30 urte baino gehiago sortu zenetik, Merkatu Bakarra Europaren hazkundearen, oparotasunaren eta elkartasunaren katalizatzaile indartsua izan da. 26 milioi enpresa eta 450 milioi kontsumitzaile izanik, Europa da une honetan munduko bigarren merkatu handiena, 18 bilioi euroko BPGarekin, hots, munduko ekonomiaren % 18.

Merkatu Bakarrerako estrategia berria Kontseilu Europarrak eskatuta egin da; izan ere, 2024ko apirilean, merkatu bakarrerako estrategia horizontal bat eskatu zion Batzordeari 2025eko ekainerako. Lehiakortasunaren ardura duten ministroek eskaera hori berretsi zuten, eta ibilbide orri xehatu bat aurkezteko eskatu zioten Batzordeari, egutegi argi batekin. Eskaera horiekin batera, Enrico Lettak eta Mario Draghik 2024an egindako txostenek antzeko ondorioak azaleratu zituzten, eta baita Batzordeak berak egindako 2025eko Merkatu Bakarrari eta Lehiakortasunari buruzko Urteko Txostenak ere. Bertan, benetan integratuta dagoen Merkatu Bakar bat sortzea ezinbestekotzat jo zen Europaren lehiakortasun eta erresilientziarako.

Informazio gehiago