Europako Batzordeak Europako Txipen Legearen azken mugarrien eguneratzea aurkeztu du. Lege hau EBren plan estrategikoa da, erdieroaleak diseinatzeko eta ekoizteko gaitasuna indartzeko. Europa, neurri handi batean, beste eskualde batzuetako hornitzaileen mende dagoenez, Txipen Legeak EBren erresilientzia eta subiranotasun teknologikoa bermatu nahi ditu erdieroaleen teknologia eta aplikazioetan.
Indarrean sartu zenetik urte eta erdi pasatxoan, Txipen legeak funtsezko aurrerapenak lortu ditu Europak erdieroaleen beharrak ase ahal izatea eta Europan berrikuntza eta ekoizpen gaitasuna handitzea bermatzeko.
- Zutabearen esparruan, Chips for Europe ekimenak bere aurrekontuaren % 85 baino gehiago konprometitu du, eta industriako aplikazioekin lotu du abangoardiako ikerketa. Txipen Enpresa Komunak bost lerro pilotu babesten ditu, guztira 3.700 milioi euroko finantziazioarekin Europan eta estatuetan.
Bestalde, estatu kide guztiek eta Norvegiak konpetentzia zentroak ezarri dituzte beren lurraldeetan edo ezartzear daude. Zentro horiek funtsezkoak dira enpresei (bereziki ETEei eta sortzen ari diren enpresei) erdieroaleen soluzioak garatzeko funtsezko baliabideak emateko, Txipen Legearen arabera ezarritako azpiegitura handietarako laguntza, prestakuntza eta sarbidea barne. Gainera, enpresa txiki eta ertainek eta sortzen ari diren enpresek urte honen hondarrean eskatzen ahalko dute diseinu plataforma erabiltzea.
Halaber, abangoardiako sei proiektu hautatu dira, EBk txip kuantikoetan egindako 200 milioi euroko inbertsioaren zati gisa. Proiektu horiek aplikazio kuantikoen aurrerapenak azkartuko dituzte, hala nola informatikan, komunikazioan eta detekzioan. Txip Funtsaren esparruan, Europako Berrikuntza Kontseilua eta hautatutako bazkideak dagoeneko laguntza finantzarioa ematen ari zaizkie erdieroaleen enpresa emergenteei.