«Toki-oinarriko eraldaketarako berrikuntza» izeneko EBren prestakuntza ekintzak EBko 200 lurralde ingururi lagunduko die berrikuntza politika eraldatzaile espezifikoak aplikatzen. Ekimen horren helburua da eremu horien lehiakortasuna hobetzea eta etorkizuneko erronketarako prestatzea. Parte-hartzaileen artean, EBko estatu kideetako gobernu hautetsiak egonen dira, bai eta Horizon Europeri lotutako eskualdeak, hiriak eta hirugarren herrialdeak ere, hala nola Ukraina, Ipar Mazedonia, Turkia eta Norvegia.
Lurralde horien gaitasunak indartzean oinarrituko da ekintza, baliabideak mobilizatuz eta gai kritikoei heltzeko irtenbideak garatuz, hala nola ekonomia zirkular baterako trantsizioa, osasunaren arretarako sistemen hobekuntza, klima aldaketara egokitzea eta eraldaketa digitalaren aurrerapena.
Ikerketa Zentro Bateratuak berrikuntza politikei ematen dien laguntzan oinarrituta, prestakuntza ekintzak eskualdeen arteko lankidetza sustatzea eta Europako lurralde guztietan eraldaketa bultzatzea du helburu. Ekimenak, Europako Parlamentuaren babesarekin, Batasunaren helburuari laguntzen dio; hau da, ekonomia justu, lehiakor eta jasangarri baterako trantsizio ekologikoa eta digitala bultzatzea.
Goi mailako inaugurazio ekitaldia zuzenean emanen da gaur 16:00etan (CEST), eta Ribera eta Fitto presidenteorde exekutiboek eta parte hartzen duten lurraldeetako ordezkariek esku hartuko dute. Dagoeneko eskuragarri dago bederatzi ataleko podcast sorta berri bat: «Lurraldeak EKINEAN: dena gertatzen den lekuak». Bertan, parte hartzen duten lurralde batzuek aurre egin beharreko erronkei eta garatzen ari diren konponbideei buruz eztabaidatzen dute.