Europako Batzordeak gogo honez hartu du Europako Parlamentuaren eta Europar Batasuneko estatuen arteko akordio politikoa, nahitaezko lizentzietarako arau berriei buruzkoa. Tresna garrantzitsua izanen da jabetza intelektualaren esparruan, Europar Batasunak krisiei erantzuteko une honetan dituen gainerako tresnekin batera.

Erregelamendu berriak Europar Batasunerako esparru bat ezartzen du, argi eta garbi definitu diren krisialdietan edo mugaz gaindiko larrialdietan nahitaezko lizentzia eraginkor bat emateko. Erregelamendu berriaren arabera, Batzordeak Europar Batasunerako nahitaezko lizentzia bat ematen ahalko du krisi garaian garrantzitsuak diren produktuekin lotura duten asmakizun babestuak erabiltzeko, baldin eta Europar Batasuneko krisi instrumentu egokien arabera krisialdia edo larrialdia deklaratu edo aktibatu bada.

Gaur egun, estatuen esparru barruan arautzen dira nahitaezko lizentziak; beraz, 27 araubide desberdin daude. Zatiketa horrek ziurgabetasuna sortu eta prozesuak atzeratzen ditu krisialdietan Europar Batasunean, hain zuzen ere jarduketa azkar eta koordinatu bat behar denean. Definitutako krisi egoeretan nahitaezko lizentziak emateko Europar Batasunerako mekanismo bat ezarrita, Erregelamendu berriak gabezia hori konpondu du. Era berean, esportaziorako Europar Batasuneko nahitaezko lizentzia bat emateko aukera ere aurreikusten du proposamenak, dagoeneko estatu mailan dagoen aukerarekin batera.

Nahitaezko lizentzien mekanismoa azken baliabide gisa erabiliko da soilik. Argi definitu diren baldintzen mende dago, kasu jakinetan, neurriz eta denbora mugatu baterako erabiltzen dela bermatzeko. Esparruak babes sendoak ditu barne, hala nola lizentzien irismen eta iraupenarekiko muga argiak, eta eskubideen titularrei bidezko ordain egokia emateko betebeharra, merkataritzarekin lotutako jabetza intelektualeko eskubideen alderdiei buruzko akordioarekin bat. Nahitaezko lizentzien araudi nazionalek erabat indarrean jarraitzen badute ere, Erregelamendu honek irtenbide koordinatu bat eskaintzen du mugaz gaindiko jarduketa bat behar duten egoeretarako. Era berean, Merkatu Bakarraren integritatea indartzen du, larrialdi egoeretako krisietan garrantzitsuak diren ondasunen zirkulazio askea eta erabilgarritasuna bermatzen baititu.

Informazio gehiago