Prezipitazio eskasia, lurzoru lehorrak eta ibaien emariaren murrizketa ekosistemen, nekazaritzaren eta garraio ibilbideen egoera estutzen ari dira Europa osoan, bai eta inguruko eskualdeetan ere.

Azken datuen arabera, ibaien emariak gutxitu egin dira eta lehorteak okerrera egin du; egoera horiek, hain zuzen, ohi baino klima beroagoa izateak eta, urte hasieratik, kontinentearen zati handi batean prezipitazio gutxiago egin izanak eragin ditu, JRCk argitaratutako Lehortea Europan – 2025eko apirila txostenaren arabera.

Ekainera arteko iragarpenek erakusten dute batez bestekoa baino baldintza lehorragoak izanen direla Europako iparraldean eta mendebaldean; horrenbestez, txostenaren arabera, geroz eta kezka handiagoa da nekazaritzan, ibaien garraioan eta ekosistemetan izanen duten eraginari dagokionez.

Prezipitazio gutxi eta batez bestekotik gorako tenperaturak izatearen ondorioz, Europa erdialdean, ekialdean eta hego-ekialdean, bai eta Mediterraneo ekialdeko eskualdean ere, geroz eta lehorte larriagoa jasaten ari dira. Europako ipar-mendebaldean ere antzeko baldintzak ikusten ari dira.

JRCko zientzialariek egindako azterketa horrek adierazten du Mediterraneoko eta Ekialde Ertaineko eremu zabaletan ere lehortearen alerta eta oharpen egoeran jarraitzen dutela.

Bestalde, Portugalen, Espainian eta Frantziako mendebaldean eta erdialdean negu euritsua izan zen, eta Italiako iparraldean, berriz, udaberri hasiera euritsuagoa izan zen. Zenbait eremutan, gainera, eurite bortitzek hildakoak eragin zituzten, landaredia erasan zuten eta azpiegiturak kaltetu zituzten. Horrekin lotuta, Copernicus agentziaren larrialdi mapak bidali zitzaizkien lehen arretako taldeei eta eskualdeko agintariei, krisiak kudeatzen laguntzeko.

Informazio gehiago