Batzordeak 910 milioi euro inbertituko ditu, Europako Defentsa Funtsaren (EDF) 2024ko aurrekontuaren kargura, Europan defentsa alorreko industria sendo eta berritzaile bat sortzeko. Inbertsio horien helburua da ahalmenean diren funtsezko gabeziak konpontzea, hala nola indarren mugikortasuna eta droneen aurkako defentsa, berrikuntzaren eta Europako sektore zientifiko eta industrialen arteko lankidetzaren bidez. Gainera, eta lehen aldiz, Ukrainako defentsa industriek EDFren proiektuekin bat egiten ahalko dute.
Ukrainako eta Europako defentsa alorreko industrien arteko lankidetza indartua Kiev-eko EBren Defentsa Berrikuntzarako Bulegoak egiten dituen dibulgazio ahaleginetan oinarritzen da, lotura estuagoak sustatzeko eta Ukraina Europaren defentsa oinarri industrialean are gehiago integratzeko; horrela, segurtasun eta berrikuntza helburu partekatuak indartuko dira.
EDFren inbertsio horiek Europako defentsa alorreko industria bultzatuko dute, defentsa ahalmena indartzeko Europako Batzordearen berrarmatze planarekin (ReArm Europe/Readiness 2030) eta 2030 Europako defentsa prestatzeari buruzko Liburu Zuri Bateratuarekin bat etorriz; azken horrek, hain zuzen, defentsaren ikuspegi berri bat definitzen du, eta inbertsio beharrak identifikatzen ditu.