Dagoeneko izena ematen ahal da POCTEFAren INTERREG Helbururako proiektuen deialdia aurkezteko ekitaldian. Ekitaldia ekainaren 11n izanen da, 9:30etik 14:30era, Okzitaniako Tolosa hirian (Hôtel de Regulion), eta, bertan, helburu horren ezaugarriak azalduko dira, bai eta proiektuen deialdi honen ezaugarriak ere (deialdia egun horretan bertan irekitzea aurreikusten da).

Ekitaldian aurrez aurre parte hartu nahi baduzu, eman izena inprimaki honen bidez. Ekitaldia online ere jarraitzen ahalko da.

POCTEFAk ekitaldi horretan aurkeztuko du INTERREG Helburuaren deialdia, 2021-2027 aldiko berrikuntzetako bat, gobernantzan lankidetza hobea lortzea eta mugetako oztopoak konpontzea helburu duena. Helburu horrek, zehazki, partaidetza ikuspegia eta gizarte zibilaren inplikazioa sustatzen ditu.

INTERREG Helbururako proiektuen deialdia azarora arte egonen da irekita, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) 11,6 milioi euroko zuzkidura du. Proiektuen deialdi honetan, POCTEFAren 7. lehentasun mailako ekintzak 3 multzotan sailkatu dira. Multzo bakoitzak helburu espezifiko bati laguntzen dio (1. HE eta 2. HE). Hauek dira multzoak:

  1. multzoa. Datuak biltzea.Mugaz gaindiko lurraldeari buruzko informazioa eta ezagutza hobetzea xede duten proiektuak.
    2. multzoa. Oztopoak identifikatzea eta konpontzea.Mugaren ondoriozko oztopoak (juridikoak, administratiboak edo bestelakoak) identifikatzera eta/edo horiek ezabatzen lagunduko duten neurriak ezartzera bideratutako proiektuak.
    3. multzoa. Lankidetza egituratzea eta sendotzea. Lurraldeko agintari publikoen eta gainerako stakeholder-en (alderdi interesatuen) ahalmen instituzionala hobetzeko proiektuak.

Proiektuen hautagaitzak multzoetako batean kokatu beharko dira.

Horrez gain, ekitaldian azalduko da deialdi hau bakarra dela eta bi modalitate daudela aukeran: proiektu klasikoak (200.000 eurotik gorako guztizko kostu hautagarria) eta proiektu txikiak (gehienez ere 200.000 euroko guztizko kostu hautagarria).

Lankidetza eremuan dauden sektore publikoko eta pribatuko eragileek gidaturiko mugaz gaindiko proiektuak finantzatzeko aukera ematen du POCTEFA programak, eta entitate onuradunak askotarikoak izaten ahal dira, besteak beste: erakunde publikoak, enpresak, garapen agentziak, taldeak, elkarteak, fundazioak, merkataritza ganberak eta ikastetxeak.

Informazio gehiago