Batzordeak 600 milioi euroko proposamen-deialdi berri bat jarri du abian «Europa Konektatu» mekanismoaren (EKM) esparruan, EB osoan funtsezkoak diren mugaz gaindiko energia azpiegituren proiektuak finantzatzeko.
Deialdia irekita dago interes komuneko proiektuen (PIC) eta elkarrekiko intereseko proiektuen (PIM) lehen zerrendan jasotako proiektuetarako. Zerrenda RTE-E Erregelamendu berrikusiaren esparruan onartu zen. Erregelamendu horrek erregai fosilen azpiegiturei ematen zitzaien laguntzari bukaera ematen dio, eta EBri lagunduko dio klimaren eta energiaren arloan dituen asmo handiko helburuak lortzen.
Dan Jørgensenek, Energia eta Etxebizitzako komisarioak, zera adierazi du: «Orain, inoiz baino gehiago, gure inbertsioak handitu behar ditugu benetako energia batasuna bermatzeko. Hori funtsezkoa da gure lehiakortasuna indartzeko, energia segurtasuna bermatzeko eta energiaren kostuak guztiontzako murrizteko. Behar-beharrezkoa da falta diren funtsezko konexioak eraikitzea mugaz gaindiko energia fluxuak pitzadurarik gabekoak izan daitezen, eta “Europa Konektatu” mekanismoaren ekarpena ezinbestekoa da horri dagokionez».
Proiektuen sustatzaileek 2025eko irailaren 16ra arte eskatzen ahalko dute EBren kofinantzaketa, bai azterlanetarako, bai eraikuntza obretarako. Aurtengo maiatzean, Europako Batzordeak online informazio jardunaldi bat antolatuko du Energia EKMrako, alderdi interesdunei eskaera eta ebaluazio prozesuari buruzko orientabideak emateko. Deialdi horren emaitzak datorren urtearen hasieran argitaratuko dira.
Deialdi horrek Energiaren Batasuna osatzen lagunduko dio EBri, eta bermatuko du herritarrek eta enpresek energia garbirako trantsizioaren eta energiaren merkatu integratuen onura guztiak izanen dituztela.
Energia EKMa funtsezko finantzaketa tresna da beharrezko azpiegiturak garatzen laguntzeko. Hazkundea, enplegua eta lehiakortasuna sustatzen ditu, 5.880 milioi euroko aurrekontuarekin 2021-2027 aldirako.