Europako Batzordeak ProtectEU aurkeztu du, Barne Segurtasuneko Europako Estrategia, EBk herritarren segurtasuna bermatzeko duen gaitasuna indartzeko eta estatu kideei horretan laguntzeko. Estrategiak ikuspegi eta lan-plan anbiziotsuak ezarriko ditu datozen urteetarako, tresna juridiko sendoagoekin, informazio truke handiagoarekin eta lankidetza estuagoarekin.

Segurtasun ingurunearen aldaketei erantzuteko eta egoera geopolitikoa aldakorra dela aintzat hartuz, non etsaitasunezko estatu atzerritarren eta beste estatu batzuek babestutako eragileen mehatxu hibridoak areagotzen ari diren, non delinkuentzia antolatuaren sare indartsuak ugaritzen ari diren eta gaizkile eta terroristek gero eta jarduera handiagoa duten, Europak barne segurtasunaren arloan duten ikuspegia berrikusi behar du. Von der Leyen presidenteak orientabide politikoetan iragarri zuen estrategia, eta Europar Batasunaren erantzuna hobetuko du barne segurtasunerako mehatxu berri nahiz ezagunen aurrean.

Estrategiaren xedea da barne segurtasunaren arloan kultura aldaketa bat sustatzea, gizarte osoak (herritarrek, enpresek, ikertzaileek eta gizarte zibilak) parte hartuko duen ikuspegia ardatz izanda. Segurtasun alderdiak ekimen berrietan integratuko dira, eta barne segurtasunaren gobernantzarako Europako esparru berri batek estrategia aplikatzen lagunduko du.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi duenez: «Segurtasuna funtsezko baldintzetako bat da gizarte ireki eta dinamikoa izateko eta ekonomia oparoa izateko. Hori dela eta, gaur ekimen garrantzitsu bat jarri dugu abian, segurtasunaren aurkako mehatxuei —hala nola terrorismoari, delinkuentzia antolatuari, ziberdelinkuentziaren hazkundeari eta gure azpiegitura kritikoen aurkako erasoei— hobeki aurre egiteko. Europol indartuko dugu, eta segurtasunaren indar eta kidegoei tresna eguneratuak emanen dizkiegu delinkuentziaren aurka borrokatzeko. Baina ikertzaileek, enpresek eta baita herritarrek ere guztiontzako segurtasun handiagoa lortzen lagun dezakete».

Barne Segurtasuneko Europako Estrategiak Batasuna Prestatzeko Estrategia eta Europako Defentsari buruzko Liburu Zuria osatzen ditu. Demokraziaren Europako hurrengo Armarriarekin batera, EB seguru, babestu eta erresilientea lortzeko esparru globala osatzen dute.

Informazio gehiago