Batzordeak pozez hartu du Europako Parlamentuak eta Kontseiluak gaur lortutako behin-behineko akordio politikoa, lurzoruaren erresilientziaren eta zaintzaren inguruko zuzentaraua egiteko Batzordearen proposamena dela-eta.

Lurzorua zaintzeko legeak zoru osasuntsuak lortzeko bidean jarriko du EB, herritarren, nekazarien, lurren administratzaileen eta ingurumenaren onerako.

Urrats garrantzitsua da Europako herrialde guztiei eragiten dieten lurzoruaren osasunaren inguruko erronka premiazkoei aurre egiteko, bai eta elikadura katearen erresilientziari eta, oro har, ekonomiari lotutakoei heltzeko ere. Lege berriak, halaber, lagunduko du lurzoruaren erresilientzia hobetzen natur hondamendien, beroaldien eta muturreko fenomeno klimatikoen aurrean, eta beste ingurumen erronka kritiko batzuen aurrean ere bai, hala nola higadura, kutsadura eta biodibertsitate galdera.

Zuzentarau berriak xede nagusitzat du esparru pragmatikoa eta malgua ezartzea lurzoruaren osasuna begiratzeko EB osoan, lurzoruari jarraipena egiteko sistema nazionaletan oinarrituta. Lurzoruen konplexutasuna dela-eta, zuzentarauak marjina nabarmena uzten du estatu kideek ikuspegia lurzoruaren tokiko baldintzetara egokitu dezaten.

Sinplifikatzeko programarekin bat etorriz, zuzentarauaren ikuspegi gradualak eta pragmatikoak estatu kideen gaineko karga mugatuko du. Akordioak, halaber, Batzordeak proposatutako zuzentaraua progresiboki aplikatzeko epe gehienak luzatu zituen. Horrez gainera, behar duten estatu kideek Batzordearen laguntza izaten ahalko dute lurzoruaren laginketa, analisia eta artxiboa egiteko. Bidenabar, zuzentarauak ez die lurzoruaren erresilientzia eta osasuna hobetzeko nahiz begiratzeko betebeharrik ezarriko lurzoruen jabe eta administratzaileei, nekazariak barne.

Informazio gehiago