Eskabideak aurkezteko epea urriaren 3ra arte egonen da zabalik
Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak 30.000 euroko laguntzen deialdia argitaratu du, Nafarroako enpresek parte har dezaten “Europa Hurbilago” programaren barruan Europan egiten diren enpresa edo teknologia misioetan edo ekitaldietan. Hori guztia, Foru Komunitateko entitateek Europako erakundeez duten ezagutza hobetzeko eta eremu horretan sortzen ahal diren finantzaketa aukerak aprobetxatzeko helburuarekin.
Deialdia zabalik egonen da urriaren 3ra arte, eta horri buruzko informazio guztia kontsultatzen ahal da Nafarroako Gobernuaren webguneko Zerbitzuen Katalogoaren fitxan. Enpresa misioei dagokienez, EENk antolatutako misioaren zazpigarren edizioa dago. Europako Batzordeak ezarri zuen EEN, eta sare handiena da, enpresei nazioartekotzearen, finantzaketarako sarbidearen eta teknologia transferentziaren bidez laguntzeko. Diruz lagunduko da, halaber, CEINen mintegiko enpresendako misioan parte hartzea. Misio hori erakunde horrek eta Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak antolatu dute.
Bestalde, misio teknologikoa Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak eta ADItech Fundazioak sustatzen dute, eta Europako proiektuetan, bereziki I+G+Bkoetan, parte hartzeko interesa duten osagai teknologikoko enpresei zuzenduta dago. Ekimenak Bruselako bileren agenda bat eskaintzen du, parte hartzen duten enpresen beharretara egokitua eta batez ere Europako esparruan sortzen diren aukeretan zentratua.
Amaitzeko, deialdi honetan sartzen da, halaber, Europako Batzordeak edo haren agentzia exekutiboetako baten batek antolatutako edo koantolatutako beste ekitaldi batzuetan parte hartzen duten enpresak finantzatzeko aukera, Europako Batzordearen beraren Project Officer-ekin banakako elkarrizketak dituztenendako edo Europako eremuko sare eta plataformekin partzuergoak eratzeko bilerak egiten dituztenendako.