Nafarroako ordezkaritza batek gizarte-berrikuntzari buruzko bileratan parte hartzen dihardu Erroman. Elkarretaratze horiek NEAR proiektuaren barnean daude. Proiektu hori europar ekimen bat da, eta eskualdeen arteko lankidetza sustatzen du politika publikoen eta gizarte-zerbitzuen arloan.
Ordezkaritzak bertatik bertara ezagutuko ditu gizarte-berrikuntzan aurreratuen dauden esperientzietako batzuk, eta arreta emanen zaie, bereziki, kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei emandako zerbitzuei. Horren bidez aztertu nahi da ea zein eredu balia daitezkeen erreferentziatzat, Nafarroako politika publikoak hobetzeko.
NEAR ekimenak 36 hilabeteko iraupena eta 1.343.700 euroko aurrekontua ditu, eta Interreg Europe funtsak finantzatzen du batera. Europako hainbat eskualdetako bazkideen sareak osatzen du, eta Nafarroako Gobernua dute buru. Horien artean daude Gizarte Zerbitzuen Hornitzaileen Elkartea (Txekiar Errepublika), Päijät-Häme eskualdeko Gizarte Ongizateko Bikaintasun Zentroa (Finlandia), Zientzia Aplikatuen LAB Unibertsitatea (Finlandia), Mechelengo Eremua Garatzeko Udal arteko Elkartea (Belgika) eta Gizarte Laguntzako Fundazio Nazionala (Italia).
Proiektua bost ikaskuntza ekitaldiren inguruan antolatu da. Ekitaldi horietan, pertsonarengan oinarritutako arreta ereduak ezartzeko hainbat erronka jorratzen dira, bai eta binakako ikasketa bisitak eta berrikuspen tailerrak ere. Topaketa horiei esker, 20 jardunbide egoki identifikatu eta transferitu dira, eskualdeko diagnostikoak egin dira eta NEAR proiektuaren gida argitaratu da: Europan pertsona ardatz duten gizarte eredu komunitarioetarantz. Datorren bilera Iruñean izanen da, martxoaren 29tik apirilaren 2ra bitartean.
NEAR proiektuaren ikuspegi berritzaileak oinarrian ditu lankidetza- eta integrazio-ikuspegia. Tresnak eta metodologiak garatu nahi ditu, ez soilik berrikuntza publikoa hobetu eta bultzatzeko, baizik eta herritarrek beren arreta-prozesuan aktiboki parte hartzeko. Ikuspegi hori bat dator GJHekin, batez ere helburu hauekin: desberdintasunak murriztea (10. GJH), osasuna eta ongizatea sustatzea (3. GJH) eta komunitate eta hiri inklusibo eta jasangarriak sortzea (11. GJH).