Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Ander Caballero Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiak Gasteizen aztertu dituzte bi gobernuen lankidetza espazioak

Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Ander Caballero Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiak Gasteizen aztertu dituzte bi autonomia erkidegoek nazioarteko lankidetza erakundeen barruan partekatzen dituzten espazio eta erakundeak.

Topaketan, goi arduradunek ez ezik, beren taldeek ere hartu dute parte, eta Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Europako erakunde eta proiektu partekatuei (Euroeskualdea, Pirinioetako Lan Elkartea, Arku Atlantikoa…) buruzko sinergiak eta informazio trukea berrikusi dituzte, baita gobernu bakoitzak munduan zehar banatutako bere diasporekin dituen lan ildoak ere.

Nafarroako ordezkaritza honako hauek osatu dute: Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Sergio Pérez Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia, Iñaki Martínez de Vírgala Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendaria eta Silvia Ojer Europako Proiektuen Bulegoko zuzendaria. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Ander Caballero Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiaz gain, Asier Areitio Kanpo Harremanetarako eta Erakunde Aldeaniztunetako zuzendaria, Mikel Antón Europako Gaietarako zuzendaria eta Aitor Sotes idazkari nagusiaren aholkularia izan dira. Bilera Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egin da.

Bi taldeek bi autonomia erkidegoendako interesgarriak diren kanpo harremanen arloko erronkak eta lankidetza espazioak aztertu dituzte. Hala, topaketaren lehen zatian, Euroeskualdearekin zerikusia duten gaiak aztertu dira. Euroeskualdea mugaz haraindiko erakundea da, gaur egun Nafarroa buru duena eta, EAEz gain, Akitania Berria ere barne hartzen duena. Esparru horretan, Euroeskualdeko estrategiaren garapenari buruz hitz egin da, bai eta Poctefa proiektuen deialdia laster ebazteari buruz ere.

Era berean, beste informazio interesgarri batzuen artean, bi gobernuek honako hauei buruz duten ikuspegia partekatu dute: Pirinioetako Lan Elkartea (CTP) eta Arku Atlantikoko Batzordea. Eta biek egin dute bat Makroeskualde Atlantiko baten aldeko babesean.

Nafarroako Kanpo Ekintzako II. Plana

Ollo lehendakariordeak adierazi du Nafarroako Gobernua Kanpo Ekintzako II. Plana prestatzeko fasean dagoela gaur egun. Plan horrek indartu egiten ditu Foru Komunitatearen egungo ildo estrategikoak, Europan eta munduan duen presentziari dagokionez, garrantzitsua delako Europar Batasuneko kide izatearen sentimendua hurbiltzea, ez bakarrik lurralde bakoitzeko eremu sozioekonomikora, finantzaketa aukeren ikuspegitik, baita herritar guztiengana ere, eta “are gehiago kontuan hartzen badugu gaur egungo munduak berretsi egiten duela Europak garrantzi handia duela eskubide demokratikoak eta gizarte kohesioa babesteko eremu gisa, inplizionismo politikoaren, sozialaren eta ekonomikoaren mehatxuen aurrean”.

Bi gobernuek balioa eman diete mugaz haraindiko esparruari eta POCTEFA (AFOMEF) proiektuetako lankidetzari, Euroeskualdearen esparruan. Bi urte hauetan (2024-2026) Nafarroa da horren buru, eta, gainera, CTPko presidentetza ere hartuko du bere gain azaroan. Gaika eta izapidetze fase desberdinetan dauden Europako hainbat proiekturi dagokienez, biek nabarmendu dute oso garrantzitsuak direla zenbait gai, hala nola eleaniztasuna, mugaz haraindiko garraioa eta trantsizio energetikoa.

Kasuan kasuko diasporei dagokienez, Nafarroak Kanpoko nafar herritarrekiko harremanei buruzko Foru Legearen garapena eman du ezagutzera eta laster Komunitateen Kontseilua eratuko dela adierazi du. Bertan, herrialde guztietako zentroek, etxeek eta komunitateek sinergiak sortzen ahalko dituzte beren artean berriztapenaren eta belaunaldien arteko erreleboaren aldetik (legeak komunitate birtualak ere eratzea aurreikusten du), NEXT estrategiarekin bat datozenak. Alde horretatik, aipatu da euskara ikastaroek harrera ona izan dutela Nafarroaren Argentinako zentroetan, Etxepare Euskal Institutuaren inplikazioari esker, adibidez.

Informazioa