Urtea hastearekin batera, Europako Parlamentuaren Espainiako Bulegoak honako hau kaleratu du: ‘Europeístas d̴e̴ ̴s̴o̴f̴á̴’ sorta; Patricia Fernández kazetari, kultur dibulgatzaile eta eduki-sortzaileak Europako Parlamentuko todosjuntos.eu komunitateko hainbat boluntariori egindako elkarrizketak jasotzen dituen gunea. Gaur egun, plataforma horrek 180.000 kide ditu Europan, horietatik 30.000 Espainian.

Sorta horretan, lau elkarrizketa ikusten ahal dira, `sofatik altxatzea´ (horregatik dago “sofa” hitza marratuta) eta Europako Parlamentuko todosjuntos.eu komunitatean aktiboki parte hartzea erabaki duten lau pertsonari egindakoak. Lau ahots, lau ikuspegi desberdin, baina helburu komun bat: Europa hobea eraikitzea eta Europar Batasuna ezagutaraztea.

Gaurtik aurrera, urtarrileko ostegun bakoitzean, sorta horretako kapitulu bana argitaratuko da  Youtube eta Spotify plataformetan; elkarrizketa horietan, Europak zer esan nahi duen azalduko du pertsona bakoitzak, baita zer egiten duten ere Europar Batasuna “denok batera” eraikitzen laguntzeko:

  •  Lehenengo elkarrizketa ikusgai dago Europako Parlamentuaren Espainiako Bulegoaren Youtubeko kanalean eta Spotify plataforman. Gerard Álvarez da protagonista, ‘Equipo Europa’ gazte-elkartearen Prestakuntza eta Analisi batzordeko kidea, eta Europar Batasuna gazteengana hurbiltzea xede duen ‘Olimpiadas sobre la UE’ proiektuaren arduraduna. Olinpiada horien azken edizioan Espainia osoko 100 ikastetxetako 500 ikaslek baino gehiagok hartu zuten parte.
  •  Bigarren atala hedabideei buruzkoa izanen da, eta Europa herritarrengana hurbiltzeko garaian hedabideek betetzen duten eginkizuna aztertuko da. Horretarako, Patricia Fernandezek Iñigo Aldalur RTVEko ‘Europa 2025’ saioko aurkezlea elkarrizketatuko du. Aldalur kazetaria da eta, Europan gaurkotasunekoak diren gaien jarraipen handia egiteaz gain, Europako Parlamentuaren Estrasburgoko osoko bilkuren nondik norakoak ongien ezagutzen dituen Estatuko kazetarietako bat ere bada.(Urtarrilaren 16an, osteguna, izanen da ikusgai)
  •  Victoria Hernández Ricarte Orihuelako (Alacant)IES Gabriel Miró ikastetxeko ikasketaburua da, eta Europako Parlamentuaren Eskola Enbaxadoreak programaren koordinatzailea ikastetxe horretan. Euroganberak sustatzen duen programa horretan Espainia osoko 117 ikastetxek parte hartzen dute, gazteen artean Europaren eta Europako demokrazia parlamentarioaren ezagutza sustatzeko asmoz, Europar Batasunaren eta, bereziki, Europako Parlamentuaren inguruko ezagutza aktiboa emanda.
    (Urtarrilaren 23an, osteguna, izanen da ikusgai)
  •  Sortako azken elkarrizketaren protagonista gizarte zibila izanen da. Sonia PrietoGetxoko (Bizkaia) irabazi-asmorik gabeko eCivis. elkartearen presidentea da, eta herritarrek beren tokiko ingurunea eraikitzen parte har dezaten lortu nahi dute. Besteak beste, Europar Batasunak getxoztarren eguneroko bizimoduan zer-nolako eragina duen ikusarazteko ekimenak egiten dituzte elkartean. (Urtarrilaren 30ean, osteguna, izanen da ikusgai)

Europako Parlamentuak argitaratutako azken Eurobarometroa ren arabera, espainiarren erdiek baino gehiagok (% 52) uste dute beren ahotsa aintzat hartzen dela Europar Batasunean, eta % 70ek adierazi dute Europako Parlamentuak zeregin garrantzitsuagoa betetzea gustatuko litzaiekeela. Proiektu horren bitartez, boluntario aktiboenei ahotsa eman nahi zaie, herritar gehiago anima daitezen Europako Parlamentuko komunitate horrekin bat egitera.

Info