Nekazaritzaren sektoreko de minimis erregelamenduan (“Nekazaritzako de minimis erregelamendua”) aldaketa bat egin du Batzordeak Erregelamenduak zenbateko txikiko laguntzak salbuesten ditu estatuko laguntzen kontrolaren aplikazio esparrutik, uste baita ez dutela inolako eraginik barne merkatuko merkataritzan eta lehian. Berrikusitako erregelamenduak indarra hartuko du Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru egun beranduago, eta 2032ko abenduaren 31ra arte aplikatuko da.
Nekazaritzaren egungo de minimis erregelamenduaren arabera, estatu kideek gehienez 20.000 euroko laguntzak ematen ahal dizkiote nekazaritzaren sektoreari onuradun bakoitzeko (25.000 euro estatu kideak erregistro zentral bat badu de minimis laguntzak kontsignatzeko), hiru ekitaldi fiskaletan zehar, Batzordeak onesteko aldez aurreko jakinarazpenik egin gabe. Onuradun bakoitzeko gehieneko muga horiez gain, EBko estatu kide bakoitzak gehieneko zenbateko nazionala du (“muga nazional” deritzona) eta ezin du gainditu, lehiaren edozein faltsutze saihesteko.
Egin den aldaketak honako hauek hartzen ditu barnean:
- Hiru urtean zehar enpresa bakoitzeko de minimis muga gehienekoa 25.000 eurotik 50.000 eurora handitzea, zenbait faktore islatze aldera, hala nola lortutako esperientzia, merkatuaren bilakaera eta azken urteotako salbuespenezko inflazio sektoriala, bai eta Erregelamendua iraungi artean aurreikusitako inflazioa ere.
- Muga nazionalak doitzea, zeinak kalkulatzen baitira estatu kidearen nekazaritzako ekoizpenaren balioa oinarritzat hartuta. Muga nazionalak eguneratu dira, eta nekazaritzako ekoizpen nazionalaren % 1,5 izatetik % 2 izatera pasatu dira. Erreferentzia aldia 2012-2017tik 2012-2023ra zabaldu da, eta horrek aukera ematen du nekazaritzako ekoizpenaren balioaren hazkundea aintzat hartzeko, bereziki azken urteotan zehar. Beraz, muga nazionala handitu da estatu kide guztientzat.
- “Muga sektoriala” ezabatzea, produktuen sektore bererako muga nazionalaren % 50 baino gehiagoko de minimis laguntzak ematea eragotzi baitzien estatu kideei.
- De minimis laguntzen derrigorrezko erregistro zentrala ezartzea estatu mailan nahiz Europa mailan. Horrek gardentasuna areagotuko du eta izapideak murriztuko ditu nekazarientzako (gehienak mikroenpresak dira), gaur egun autodeklarazioko sistema bat erabiltzen baitute. Horrez gain, ez dute betetzearen autokontrol gehiagorik egin beharko (gaur egun erregistro zentral horiek borondatezkoak dira estatu kideentzako).
- Nekazaritzaren de minimis erregelamendu berrikusiaren indarraldia 2032ko abenduaren 31ra arte luzatzea.