Europako Batzordeak metanoa murrizteko elkarte baterako bide-orri berri bat abiarazi du COP29an (Baku), energia fosilaren ekoizpenari eta kontsumoari lotutako metano-isuriak are gehiago murrizteko, herrialde kideekin, Energiaren Nazioarteko Agentziarekin eta gobernuz kanpoko erakunde (GKE) batzuekin lankidetzan. Erregai fosilen herrialde inportatzaileen eta esportatzaileen arteko lankidetzarako plan gidari bat da bide-orri berri hau, eta lagungarria izanen zaie enpresei beren jarraipen-, jakinarazpen- eta egiaztatze-sistemak hobetzeko, betiere metano-isuriak murrizteari dagokionez.
Wopke Hoekstra Klima Babesteko Ekintza erakundearen komisarioak, atzo, elkartearen bide-orria martxan jartzeko ekitaldian, hau adierazi zuen: «Energiaren sektoretik eratorritako metano-isuriak murrizteko helburua erraz lortzeko modukoa da klima babesteko ekintzan. Zentzua du ekonomiaren ikuspegitik. Izan ere, gure energia-segurtasuna indartzen laguntzen du, eta, aldi berean, isuriak murrizten ditu. Gaur martxan jartzen ari garen bide-orriak erakusten du zer ildori jarraitu behar zaion herrialde inportatzaileen eta esportatzaileen arteko lankidetza bultzatzean. EBrentzat, argi dago: metano-emisioak eraginkortasunez lantzeko, ezinbestekoa da munduko hornidura-kate guztietan elkarrekin lan egitea eta alderdi parte-hartzaile guztiekin jardutea».
Metano Isuriak Murrizteko Mundu Konpromisoaren esparruan —EBk eta Estatu Batuek abiarazia—, 150 herrialdek baino gehiagok dute hemendik eta 2030era munduko metano-isuriak gutxienez % 30 murrizteko helburua, 2020ko isuriekin alderatuta. Ezarri beharreko neurri zehatz batzuk zehazten ditu bide-orri berri honek; besteak beste, Petrolioa eta Gasa Ekoiztetik Eratorritako Metano Isuriak Murrizteko 2.0 Ituneko printzipioetan oinarritutako jarraipen-, jakinarazpen- eta egiaztatze-sistema sendo bat (OGMP dira ingelesezko siglak) eta aktiboen isuriak murrizteko proiektu-plan bat; horretarako, egutegi argi bat, inbertsio-plan bat eta beharrezko giza baliabideak hornitu beharko dira.
Metano-isuriak arintzeko elkarte horiek Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak iragarri zituen Dubaiko COP28an, eta «Erregai fosiletatik eratorritako berotegi-efektuko isuriak murrizteko energia-inportatzaileen eta -esportatzaileen baterako aitorpen»ean oinarritzen dira, zeina Europar Batasunak, Estatu Batuek, Japoniak, Kanadak, Norvegiak eta Singapurrek sinatu baitzuten COP27an. Bide-orria martxan jarri ondotik, elkartearen aplikazioen lehen adibideak Brasilgo COP30ean azalduko dira.