22 eta 30 urte bitarte dituzte eta boluntario-lanak egitera etorri dira Nafarroara; zehazki, proiektu sozial hauetan parte hartzera, Elkartasunerako Europako Kidegoa programaren bidez: Arterra Bizimodu, Ayuda Contenedores, Geltoki, Paris 365, Setem eta Tudela Comparte.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak ezarri du toki mailan, eta erakunde hori arduratuko da hamar herrialdetako boluntarioei (hamahiru emakumezko eta zortzi gizonezko) datozen hilabeteetan laguntzeaz. Herrialde hauetakoak dira boluntarioak: Alemania, Eslovenia, Estatu Batuak, Irlanda, Italia, Frantzia, Britainia Handia, Serbia eta Turkia; bestalde, hiru lagun beste autonomia-erkidego batzuetakoak dira¡.

Europako proiektu honen helburua da 18 eta 30 urte bitarteko gazteak hirugarren sektoreko boluntariotza-proiektuetan parte hartzera bultzatzea, bai beren jatorrizko herrialdeetan, bai atzerrian. Egiten dituzten jardueren artean, hauek nabarmentzen dira: gizartetik baztertuta dauden pertsonei lagun egitea, jantoki sozialetan laguntzea eta aisialdiko eta zahartze aktiboko jardueretan parte hartzea.

Proiektu horien ikuspuntu sozialari esker, gazteek funtsezko balioak barneratu ditzakete, hala nola justizia soziala, desberdinkeriaren aurkako borroka, ekonomia sozialarekiko eta solidarioarekiko konpromisoa,  jasangarritasuna eta gazteen partaidetza. Boluntariotzako eta ikuspegi sozialeko jardueretan eta programan bertan ohikoa denez, nabarmentzekoa da emakumezkoak direla parte-hartzaile gehienak.

Europako boluntariotza sustatzea

Doneztebeko Belbieretxea aterpean elkartu da asteburu honetan Elkartasunerako Europako Kidegoko Nafarroako taldea; partaideentzako harrera-espazio bat eskaintzea izan da topagunearen helburua. Elkar ezagutzeko jarduerak egin dituzte, arazoez aritu dira (adibidez, gorroto-diskurtsoak eta albiste faltsuak) eta programan dituzten esperientzien berri emateko estrategiak diseinatu dituzte.

Ekimenari esker (2019an abiarazi zen Nafarroan), oraingoz, beste toki eta herrialde batzuetako ehun gazte inguruk parte hartu dute foru-komunitateko proiektu sozialetan. Partaidetza-gastu guztiak estaltzen ditu (bidaia, ostatua, mantenua, prestakuntza eta osasun-asegurua), eta Europako helmugak eskaintzen ditu nagusiki, baina erkidegoz kanpoko helmugak ere badira, hala nola Islandia, Estatu Batuak, India eta Turkia. Esperientzia 2 hilabetetik 12 hilabete bitartekoa izan daiteke, eta barne hartzen du norbere gastuetarako hileko diru-kopuru bat.

Helmuga-proiektuetara iristen direnean, partaideek kulturarteko ikaskuntzari, bizikidetzari, zailtasunen kudeaketari eta programaren ezaugarriei buruzko prestakuntza jasotzen dute, besteak beste. Modu horretan, esperientzia aberasgarriagoa izatea eta gainerako boluntarioekin batera bizi izatea bermatzen da.

Informazio gehiago