EBko estatu kideetako eta Batzordeko zibersegurtasun arloko goi teknikariek urteroko Blue OLEx ariketan parte hartu dute (plan zuzentzaileko maila operatiboa proban jartzen duena), EB krisi zibernetiko bati aurre egiteko prest al dagoen aztertzeko.
Margrethe Vestager-ek, Aro Digitalera egokitutako Europa baterako lehendakariorde exekutiboak, honako hau adierazi du: “Ariketa honek gure zibersegurtasun defentsak indartzen lagunduko digu, baita ingurune digital seguruagoa bermatzen ere, estatu kide guztietan, herritar nahiz enpresentzat”.
Aurten Italiako agintariek zuzenduko dute simulazioa, EBko Zibersegurtasun Agentziaren (ENISA) laguntzarekin. 2024an, lankidetza exekutiboari erreparatu dio BlueOLEx ariketak, bereziki, Ziberkrisirako Lotura Erakundeen Sarearen bidez (EU-CyCLONe). Sare hori Batasun osoan zibersegurtasun maila handia bermatzeko neurriei buruzko Zuzentaraua indarrean jarri zenean ezarri zen (SRI 2 Zuzentaraua). Ariketari esker, gorabeheren eta krisien erantzun estandarizatuan hobetzeko dauden alorrak identifikatzen ahalko dute zibersegurtasuneko liderrek.
EU CyCLONeren helburua da eskala handiko zibergorabeherak eta krisiak kudeatzen laguntzea maila operatiboan. EB mailan dauden zibersegurtasun egiturak osatzera dator, lankidetzan lotura lana eginez maila teknikoaren —Segurtasun Informatikoko Gertakariei Erantzuteko Taldea (CSIRT)— eta maila politikoaren artean —Krisiei Erantzun Politiko Integratua emateko Mekanismoa (RPIC)—. Ariketan lortutako emaitzak baliagarriak izanen dira eskala handiko zibersegurtasun gorabeherei eta krisiei modu koordinatuan erantzuteko Plan Zuzentzailea (2017) ebaluatzeko.