Bilera Iruñean egin zen, eta martxoko txanda ofizialaren ondoren antolaketa-gaietan aurrera egiteko ere balio izan du.

Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa biltzen dituen Euroeskualdearen Ezohiko Batzarra hartu du gaur Iruñeak. Foru Komunitateak ofizialki hartu zuen lehendakaritza martxoaren 4ko batzarrean, eta agintaldia 2026ra arte luzatuko da. Bilera horretan, bigarren presidenteorde eta Ana Ollo Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara sailburuak gidatuta, hiru lurraldeetako kideek parte hartu dute. Besteak beste, elkartearen ordezkariek, Nafarroako Errege Artxiboan eta Artxibo Orokorrean bilduta, onartu dute hiru proiektu estrategiko aurkeztea INTERREG POCTEFA AFOMEF Europako proiektuen deialdian.

Deialdi horrek, 14,8 milioi euroko EGEF zuzkidurarekin, lurraldea egituratzen duten proiektuak finantzatu nahi ditu, Mendebaldeko Eremu Funtzionaleko (AFOMEF) hiru gaietan identifikatutako erronkak eta helburuak gauzatzeko: mugaz gaindiko enplegua, mugikortasuna eta eleaniztasuna. Euroeskualdeak deialdian aurkeztuko dituen proiektuek deialdiaren hiru lehentasunei erantzungo diete, eta bat datoz joan den abenduan Irunen (Gipuzkoa) aurkeztu zen AFOMEFen Lurralde Estrategia Integratuarekin.

 Proiektuak 

Lehenik eta behin, mugaz gaindiko lan-merkatuari buruzko proiektuaren helburua da Euroeskualdean mugaz gaindiko enplegu-arroa sendotzea eta indartzea. Lan-aukerak maximizatu nahi dira, erakunde eskudunen koordinazioaren bidez, mugaz gaindiko langileek dituzten arazoei helduz eta arazo horiek konponduz.

Mugikortasunari lotutako bigarren proiektu baten helburua mugaz gaindiko konexioak hobetzea da, trenbideko eta hiriarteko garraio-zerbitzu publikoak zabalduz, bai eta lurraldean dauden noizbehinkakoak ez diren bidaia-tituluen elkarreragingarritasuna hobetzea ere.

Azkenik, hezkuntza eleaniztunari buruzko proiektuaren helburua da hezkuntza-sistemetan lurraldeko hizkuntzak garatzea. Hezkuntza eleaniztunean zentratuko da, hizkuntza-oztopoa gainditzeko, eta frantsesaren, gaztelaniaren eta euskararen irakaskuntza garatzea izango du helburu; aldi berean, ikerketa akademikoak egingo dira, tresna pedagogikoak eta komunikazio eleaniztunekoak sortuko dira, eta mugikortasuna sustatuko da.

Proiektuak hautatuak izango balira eta deialdiaren esparruan finantzatuko balira, haien ekintzak 2025eko maiatzetik 2029ko maiatzera bitartean gauzatuko lirateke, mugaz gaindiko lurraldean identifikatu diren erronkei aurre egiteko.

Topaketa hori baliagarria izan da, halaber, antolaketa-gaietan aurrera egiteko, Akitania Berria buru izan zuen bi urteko aldiaren eta Nafarroak zuzendutako biurtekoaren arteko trantsizioaren esparruan. Biurteko hori joan den udaberrian hasi zen, Olite/Erriberrin.

Ollo presidenteordeaz gain, Nafarroako ordezkari hauek ere izan dira ekitaldian: Patricia Fanlo, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburua; Sergio Pérez, Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusia; Iñigo Arruti, Enpresa Sustapeneko zuzendari nagusia; eta Iñaki Martínez de Vírgala, Kanpo Lankidetza eta Herritartasun Zerbitzuko zuzendaria.

EAEtik joan dira Mikel Anton (Europar Batasunerako zuzendaria), Lide Amilibia (Gizarte Politiketako sailburuordea), Antoni Iturbe (Kulturako sailburuordea) eta Adolfo Morais (Unibertsitate eta Informazioko sailburuordea). Azkenik, Akitania Berriaren ordezkari izan dira Mathieu Bergé (conseiller régional délégué à l ‘Eurorégion, à la Coopération Transfrontalière, aux Ports et Ciuroports), Andde Sainte-Marie (conseiller régional chargé de mission Montagne et Pastoralisme) eta eskualdeko kontseilari Emilie Dutoya eta Maider Arosteguy.