Gaur egun, GAN-NIK sozietate publikoa (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa) 6,6 milioi euro kudeatzen ari da urte honetarako, gauzatzen ari diren Europako proiektuetan bakarrik. Europar Batasunetik datozen funtsek % 60 – % 80 bitartean finantzatzen dituzte proiektu horiek.
Zehatz-mehatz, honako hauek daude GAN-NIK-ek lantzen dituen eta egun gauzatzen ari diren proiektuen artean:
- LIFE NADAPTA: egokitzapen proiektu integratua, helburu duena Foru Komunitateak klima aldaketaren aurrean duen erresilientzia handitzea, aldaketa horretatik datozen ondorio negatiboak mugatzen dituzten egokitzapen neurrien garapena aplikatuz; horrela, Nafarroak klima aldaketaren aurrean duen erresilientzia handituko da.
- LIFE EBRO RESILIENCE P1: proiektuaren helburu nagusia da uholdeen aurreko erresilientzia handitzea Ebro ibaiaren erdiko tarteko bi eremu zehatzetan. Eremu horietako bat Alfaro (Errioxa) eta Castejón (Nafarroa) herrien artean dago. Asmoa da ohiko jarduerari ahalik eta denbora laburrenean ekin ahal izatea, eta ahalik eta kostu txikienarekin, uholde bat gertatu ondoren.
- LIFE KANTAURIBAI: haren helburua da Bizkaiko golkora isurtzen diren ibaien eta ibai adarren ekosistemari lotutako espezieen eta habitaten kontserbazio egoera hobetzea, 2 herrialdetako (Espainia eta Frantzia) 3 eskualdetako 5 arro hidrografikotan: Oria eta Urumea (Nafarroa eta Gipuzkoa), Errobi eta Urdazuri (Nafarroa eta Akitania) eta Bidasoa (3 eskualdeek partekatua). Lehengoratze ekologikoaren bidez, proiektu horren helburua da ibaien konektibitatea berreskuratzea eta heriotza kausak ezabatzea, ibai ekosistemarekin lotutako espezieen eta habitaten kontserbazio egoera hobetzeko, inplikatutako lurraldeetako Natura 2000 Sareko 15 tokitan.
- LIFE UNCINATA: Europako natura babestu eta leheneratzeko eta biodibertsitatearen galera geldiarazi eta lehengoratzeko proiektua, EBko Habitatei buruzko Zuzentaraua ezartzen lagunduta. Bereziki, Natura 2000 Sarea garatzen eta kudeatzen lagunduko du, eta EBren 2030erako helburuak lortzen lagunduko du (EBren Akordio Berdea). Horrek guztiak Pirinioetako mendiko pinudien kalitatea eta erresilientzia handitzea ekarriko du.
- LIFE PYRENEES4CLIMA: “Pirinioetan klimarekiko erresistentea den mugaz haraindiko mendi eremu baterantz”: haren helburu nagusia da behaketa sare berritzaileak sortzea, klima aldaketaren aurrean.
- INERTWASTE: eskualdeen arteko lankidetza proiektua, industriaren eta eraikuntzaren hondakin inerteak eta ez-organikoak balorizatuz ekonomia zirkularreko politikak hobetzeko.