PreDisc proiektuko bazkideak Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroan bildu dira, Frantzia, Portugal, Andorra eta Espainiako profesionalen arteko nazioz gaindiko lankidetza-ekimen horri hasiera emateko. Ekimena EGEF funtsek kofinantzatzen dute, Sudoe programaren bidez. Adinekoen desgaitasunari aurrea hartzea du helburu, ospitaleratze-aldietan eta ondoren jarduera fisikoa sustatuta.
PreDisc-en guztizko aurrekontua 1.288.550 eurokoa da, eta Interreg Sudoe Programaren bidez finantzatuko da zenbateko horren % 75. Programa horrek nazioz gaindiko proiektuak bultzatzen laguntzen du Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez (EGEF), eta, hala, eskualdeen garapena sustatzen du Europako hego-mendebaldean. Programak lankidetza sustatzen du, Europako hego-mendebaldeko eskualdeek dituzten arazo komunak konpontzeko.
Proiektuaren partzuergoan Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroa (Miguel Servet Fundazioa) da buru, eta honako hauek hartzen dute parte: Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuak (IdiSNA), Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko (O-NOZ) Oinarrizko Osasun Laguntza, Deustuko Unibertsitatea (Bizkaia, Euskadi), Centre Hospitalier Universitaire de Toulouse Pôle Gériatrie zentroak (Okzitania), Figueira da Foz ospitale distritalak, EPEk (Coimbra, Erdialdeko Eskualdea) eta Servei Andorrà d ‘Atenció Sanitària (Andorra). Erakunde horiek Europako hego-ekialdeko bederatzi erakunde publiko eta pribaturen laguntza dute, zeinek erakunde elkartu gisa parte hartzen baitute.