Parlamentuak Adimen Artifizialaren Legea onartu zuen martxoaren 13an, segurtasuna eta oinarrizko eskubideen errespetua bermatzen dituena eta, aldi berean, berrikuntza bultzatzen duena.

Erregelamendua Estatu kideekin 2023ko abenduan egindako negoziazioetan adostu zen, eta Euroganberak babestu zuen, aldeko 523 boto, kontrako 46 eta 49 abstentziorekin.

Haren helburua da oinarrizko eskubideak, demokrazia, zuzenbide estatua eta ingurumen jasangarritasuna babestea, arrisku handia dakarren IAren aurrean, aldi berean berrikuntza bultzatuz eta Europa sektoreko buru bihurtuz. Erregelamenduak IArako betebehar batzuk ezartzen ditu, izan ditzakeen arriskuen eta eragin-mailaren arabera.

Arau berriek debekatu egiten dituzte inteligentzia artifizialeko zenbait aplikazio, herritarren eskubideak urratzen dituztelakoan, esaterako, ezaugarri sentikorretan oinarritutako kategorizazio biometrikoko sistemak, edota aurpegiko irudiak bereizi gabe harrapatzea, edo zaintza-kameren grabazioak erabiltzea aurpegia ezagutzeko datu-baseak sortzeko. Halaber, zenbait jardunbide debekatuko dira, esaterako, emozioei antzemateko sistemak jartzea lantokietan eta eskoletan, herritarren puntuazio sistemak, polizia jarduera prediktiboa (pertsona baten profilean edo haren ezaugarrien ebaluazioan soilik oinarritzen denean) eta giza portaera manipulatzen edo pertsonen ahultasunak ustiatzen dituen IA.

Informazio gehiago