EBk berriki onartu duen helburua da 2030ean energia berriztagarriak % 42,5 izatera iristea, gutxienez. Bere asmoa, baina, haratago doa, % 45era iritsi nahi baitu. Horretarako, baina, beharrezkoa izanen da instalatutako ahalmen eolikoa izugarri handitzea, 2022an aurreikusitako 204 GWeko hazkundetik 2030ean 500 GW baino gehiagora iristeko.
Energia eolikoaren sektorea EBren arrakasta historikoaren adibide bat da. Hala ere, etorkizuneko hazkundeak erronka multzo berezi bati aurre egin behar dio, besteak beste: eskaria ez da segurua, ez eta nahikoa ere; baimenak emateko prozesua mantsoa eta konplexua da; lehengaiak ez daude eskuragarri; inflazioa handia da, bai eta lehengaien prezioa ere; Estatuko lizitazioen diseinuak ez du asko laguntzen; nazioarteko lehiakideen presioa handiagoa da, eta eskulan kualifikatua lortzeko zailtasunak daude.
Egoera horrek berehalako esku-hartzea eskatzen du. Horregatik, von der Leyen lehendakariak joan den hileko Batasunaren egoerari buruzko hitzaldian iragarri bezala, Europako Batzordeak Energia Eolikoari buruzko Europako Ekintza Plana aurkeztu du, energia garbirako trantsizioa industria-lehiakortasunarekin batera lor dadin, eta energia eolikoak Europaren arrakastaren adibide izaten jarrai dezan.
Ekintza Planak energia eolikoaren hornidura kate osasuntsu eta lehiakor bat mantentzen lagunduko du, proiektu-zorro argi eta egonkor batekin, beharrezko finantzaketa erakarri eta mundu mailan baldintza berdinetan lehiatu ahal izateko. Horrekin batera doa Itsasoko energia berriztagarrien arloan (energia eolikoa barne) EBk dituen helburuak betetzeari buruzko Komunikazioa, zeinak jarraipena ematen baitio duela hiru urte onetsitako Itsasoko Energia Berriztagarriei buruzko EBren Estrategiari.