Kontseilu Europarrak ondorio batzuk onetsi ditu, Europar Batasunak Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko 28. Konferentziarako (COP28) agertuko duen negoziazio jarrera finkatzeko. Konferentzia hori azaroaren 30etik abenduaren 12ra eginen da Dubain (Arabiar Emirerri Batuak).  Ondorioetan, ekintza klimatiko handinahi batek eskaintzen dituen aukerak nabarmentzen dira, baita ekonomia eta gizarte jasangarrietarantz abiatzen den bidezko trantsizioa bermatzearen garrantzia ere; izan ere, mota horretako ekonomiak eta gizarteak klima aldaketarekiko erresilienteak eta klimaren aldetik neutroak izanen dira.

Zehazki, Kontseilu Europarrak azpimarratu du garrantzitsua dela COP28ren munduko lehen balantzea arrakastaz egitea. Balantze hori Parisko Akordioaren elementu nagusietako bat da, eta gomendio espezifikoak jasotzen ditu, klima aldaketa arindu eta horretara egokitzearen arloan asmo handiko ekintza hobetu eta berehalako bat lortzeko.

Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela alde guztiek ahalegin handiagoa egitea klima aldaketarako egokitzapena eta erresilientzia txertatzeko sektore guztietako politika eta programetan. Gainera, nabarmendu ditu EBk eta estatu kideek egokitzapen estrategiak eta planak aplikatzeko egiten duten ahalegin gero eta handiagoa; izan ere, egokitzapena txertatzen dute EBren politika sektorial guztietan, Europar Batasunaren Egokitzapen Estrategiaren bitartez.

Bestalde, estatu kideek aitortu dute herrialde eta erakunde askok ahaleginak egin dituztela konponbide batzuk finantzatzeko, helburu dutenak klima aldaketaren ondorio kaltegarriek eragindako galera eta kalteei aurre egitea. Gainera, onartu dute beharrezkoa dela dauden finantzaketa mekanismoak indartzea, eta agerian jarri dute garapenerako banku multilateralek eta nazioarteko finantza erakundeek arlo horretan duten ahalmena.

Gehiago irakurri